Gizartea -
Elkarrizketa
'Nire semea tratamenduan dago, sexu abusuak pairatu eta gero'
Gaztelueta ikastetxeko irakasle baten partetik ustez sexu abusuak pairatu zituen adingabearen aitak gertatutakoa azaldu du Radio Euskadin.
D.P.
Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxean irakasle baten partez ustez sexu abusuak pairatu zituen adingabearen aitak semea bizitzen ari den sufrimendua azaldu du Radio Euskadi-ko mikrofonoen aurrean.
Elkarrizketan ez da izenik aipatzen, biktimen intimitatea eta akusatuen errugabetasun-presuntzioa babesteko.
Horretan, gizonak zergatik ez duten oraindik auzitara jo azaldu du, eta babesa erakutsi ez dietenen aurka egin du: "Ez dute kezkarik agertu".
Radio Euskadik euren bertsioa ematea eskaini die zentroaren arduradunei (Opus Deirena da), baina errefusatu egin dute, eta duela astebete igorri zuten agirian esandakoa gogorazi dute. Agirian, gertatutakoa argitzeko "interesa" dutela eta, barne ikerketa baten ostean, egotzitakoa frogatzeko zantzurik topatu ez zutela esan zuten.
Adingabearen aitak gaur "Boulevard" saioak igorritako elkarrizketan adierazi duenez, semea "oso txarto dago, tratamendu psikologikoan, psikologo baten esku eta sendagaiak hartzen". Mutila 16 urtekoa da egun, baina ustezko abusuak 2008/2009 ikasturtean hasi ziren.
"Ezin du bizimodu arrunta egin jazarpena eta abusuak pairatu zituenetik; shock postraumatikoa dauka, bakartuta dago, ez da eskolara joaten, eta urte eta erdiz tratamenduan izan da Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu pedagogiko batean", gaineratu du.
Gizonezkoaren esanetan, ustezko abusuen egilea "erlijio eskolak ematen zituen irakasle bat" izan zen. Gainera, bere prezeptorea zen, hau da, Opus Deiren eskoletan senideen eta zentroaren artean bitartekari lanak egiten dituen tutorea. Tankera horretako irakasleak zelibatu konpromisoa hartu duten numerarioak dira.
Gertatutakoari buruzko informazio gehiago: "Gizon hori [semea] iraintzen eta jendaurrean umiliatzen hasi zen; taldetik bereizten saiatu zen. Lortu egin zuen, eta, 2009/2010 ikasturtean, jazartzen eta bulegoan sexu abusuak egiten hasi zen. Ateak eta pertsianak itxita egiten zuen; emakume biluzien argazkiak erakusten zizkion, alkandora kentzea eskatzen zion, prakak jaitsiarazi zizkion, eta ukipenak egin zizkion".
Semea 2011. urteko urtarrilean hasi zitzaien gurasoei gertatutakoa aitortzen, tantaka, sare sozialen bidez ikaskide ohiek mehatxu egin eta gero. "Jazarpena kalean ere egiten zioten; iseka egiten zioten, listuak botatzen zizkioten eta mehatxu egiten zioten".
Balizko salaketa eta kritikak zentroari
Aitak zehaztu duenez, ikastetxearen arduradunek irakasleak egindakoa aitortu zuela esan zieten hasiera batean, baina ondoren ukatu egin zuten, zentroaren ospea ez "zikintzeko". "Opus Deiren zentroetan ez daukate errukirik; kezkagarria da", deitoratu dute.
Bestalde, auzitara semearen egoera hobetu eta gero joko dutela aurreratu du. "Psikologoaren arabera, auzitara orain jotzea atzerapausoa izan liteke bere egoera psikologikoan; nire semea ez dago prest prozesu judizialari aurre egiteko". Nolanahi ere, auzia "azkenera" eramango dutela ohartarazi dute.
Mario Iceta Bilboko gotzainaren aurka ere egin du: "Ez da gai izan deitzeko eta jazarpenen eta sexu abusuen biktima izan den adingabe bat ondo dagoen galdetzeko. Ezer ez zekiela esan du, baina jakin badakit aspalditik bazekiela".
Umearen aitak eskerrak eman dizkie Bizkaiko jesuitei, "babes morala" ematagatik, eta Hezkuntza Saileko inspektorei, laguntzeagatik.
Baliteke Fiskaltzak ofizioz esku hartzea
Bestalde, Juan Calparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) fiskal nagusiaren arabera, "ofizioz jardun liteke" Gazteluetako ustezko abusuzen auzian.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan esan duenez, nahiz eta ofizioz jarduteko ahalmena duten, "interesgarria litzateke [kaltedunek] salaketa jartzea, gertaera ezerezean gera ez dadin, zigorgabetasunik egon ez dadin". "Auzi honetan aztertu egin beharko genuke ofizioz jardutea".
"Ez da lehenengo aldia bullying edo eskolako jazarpena gertatzen dela, baina ez da orokorrean ematen den gauza bat. Justiziak esku hartu beharko luke eta gertatutakoa salatu beharko lukete. Gurasoek eta semeak salaketa aurkeztu beharko lukete, ikerketa hasi ahal izateko eta gertakariak konprobatu ahal izateko", gaineratu du.