Gizartea -
Uholdeak
Etxauriko txakurtegiarekin Gobernuak izandako jarrera salatu du PACMAk
Bestalde, zerbitzuaren jabea den Nafarroako Foru erkidegoak horrelako larrialdi egoeretarako ebakuazio plana martxan jarriko duela iragarri du.
Erredakzioa
Uholdeen ondorioz Etxauriko txakurtegiko arduradunen ekintza eza dela eta txakurrak hil zirela salatu du PACMA animalien aldeko alderdiak.
Ohar baten bitartez, 140 txakur bizi ziren txakurtegian urak gainezka egin eta 21:00ak arte ez zela neurririk hartu salatu dute.
"Larrialdi plana txakurrak kaioletatik ateratzea bakarrik izan zen", diote oharrean, "eraikinaren barruan utzi zituzten uretik eskapo egiteko aukerarik gabe eta boluntarioak sartzea eragotziz".
Azkenean, animaliak ebakuatzea ahalbidetu zen baina "beranduegi" izan zela kritikatu dute. "Hildako txakurrak ur gainean zeuden eta beste asko larri zeuden euren arteko borrokengatik", azaldu dute.
Halaber, zentroaren eskumena Osasun Sailetik Ingurumen Sailera pasatzeko eta Etxauriko txakurtegia beste nonbaitera eramateko eskatu dute.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak ebakuazio plan bat martxan jarriko duela iragarri du horrelako larrialdi egoeren aurrean nola jokatu zehazteko. Txakurtegian zeuden 140 txakurretatik 3 hil direla baieztatu dute.
Era honetan, Nafarroako Osasun Saileko arduradunak eta Barne Zuzendaritzakoak datozen egunetan bilduko dira uholde edo suteen aurrean protokolo bat ezartzeko.
Gainera, txakurrak ebakuatzeko sistema bat ezarriko dute eta txakurtegiko kalteak konpondu bitartean txakurrak nora eraman aztertuko dute.