Gizartea -
San Sebastian eguna
Eguraldi txarrari aurre egin eta 5.000 haurrek danborrak jo dituzte
Haur danborrada ez ezik, eguneko protagonista Urrezko Danborra izan zen; aurten Donostia klasikoari eman zaio.
Erredakzioa
50 konpainiako ia 5.000 haurrek hartu dute parte Donostiako haur danborradan, aurten aurrenekoz, neska jeneral baten agintepean.
Aurtengo jenerala eta Easo ederra Manuel de Larramendi ikastetxekoak izan dira, Sara Huegun eta Paula Gomez hurrenez hurren. Danbor nagusia berriz, Ikasbide ikastolako Aimar Ezeiza.
Denera, 4.766 haur bildu dira Alderdi-Ederreko lorategietan, 12:00etan. Ordu horretan ateri zegoen arren, ordu erdira sekulako euri zaparrada bota zuen, baina horrek ez zuen haur danborrada zapuztu eta milaka haurrek makilak gogor astindu dituzte.
Azpetian ere haur danborradako partaideak kaleetatik zehar danborra jo dute. Denera, 700 neska-mutikok hartu dute parte.
Haur danborrada ez ezik, eguerdian Urrezko Danborra banatu dute, aurten Donostia-Donostia Klasikoari.
Donostiak ematen duen sari nagusia hunkituta jaso dute, eta "egi bihurtu den ametsa" izan dela esan dute.
Juan Karlos Izagirre alkateak eman du Urrezko Danborra, eta ekitaldian, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Jon Redondo Lertxundi Jaurlaritzako Kirol zuzendaria egon dira.
Lasterketaren antolatzaileek saria eskertu dute. Jaime Ugartek jaso du, Jose Luis Arrieta eta Mila Aguirrerekin batera.
"Egi bihurtu den ametsa da", esan du Ugartek. "Danborra jende askorena da", eta erakundeak, Ertzaintza, Udaltzaingoa, kazetariak eta "munduko onenak diren zaleak" aipatu ditu.
Festa giroa
Gipuzkoako hiriburuan 24 orduz danbor hotsak izaten dira protagonista; denera, 15.000 lagunek hartu dute parte danborradaren batean.
Banderaren igoerarekin lehertu zen festa Donostian gauerdian. Ohi denez, Gaztelubidekoak taula gainean izan dira, beste konpainietako ordezkariekin batera, Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusiaren esanetara.
Aurten festa aurreratu egin da; izan ere, 1813-2013 Bigarren Mendeurrena oroitzeko lehen ekitaldia egin zuten San Sebastian egunaren bezperan. Horrekin batera, hiritar merezimenduaren dominak banatu zituzten. Aurtengo omenduak Txillardegi zena, Jaime Caballero igerilaria, Luisa Etxenike idazlea, Donostia ospitaleko neonatologia unitatea eta Txotxongilo taldea izan dira.
Gaueko 00:00ak bitartean danbor hotsak izan dira nonahi hiriko txoko guztietan, gauerdian, Union Artesana taldekoak bandera jaso duten arte.