Gizartea -
GASTEIZEN
Hiru atxilotu, hainbat etxebizitzatan lapurtzen saiatzea egotzita
Kolpea emanda bakarrik (giltza erabili gabe) itxita dauden ateak zabaltzen zituzten, plastikozko pieza batzuk erabiliz.
Erredakzioa
Ertzaintzak 34, 35 eta 40 urteko hiru gizon atxilotu ditu Gasteizen, hainbat etxebizitzatan lapurreta egiten saiatzea egotzita. Ateak irekitzeko, plastiko bat (erradiografia edo txartel bat) sartzen zuten, atearen markoaren eta sarrailaren artean. Pertsona hauetako bat iazko apirilean ere atxilotu zuten, Santutxu eta San Inazio Bilboko auzoetako etxebizitza batzuetan egindako hainbat lapurretatan inplikatuta egon baitzen.
Pertsona batek Ertzaintzara deitu zuen, Pilar auzoko Nikaragua kalean, etxebizitzen eraikin bateko atariaren eta eskaileren inguruan, hainbat gizon ezezagun zeudela esateko. Patruila bat bertaratu zenean, atarian gizon bat zelatan ari zela ikusi zuten agenteek. Orduan, gizona identifikatu, eta ertzainak eraikinera sartu ziren, ikuskapena egiteko. Eskailburuetako batean, beste bi gizon aurkitu zituzten. Agenteak han zirela ikusita, ihes egiten ahalegindu ziren, baina harrapatu egin zituzten. Ustezko lapurrei plastikozko hainbat tresna atzeman zizkieten. Gainera, hainbat ate manipulatuta zeudela egiaztatu zuten.
Etxeetako ateak giltzaz ixtea komeni dela gogorarazi du Ertzaintzak. Horrez gain, gure etxebizitzaren inguruan pertsona ezezagunak dabiltzala ikusiz gero Poliziari abisatzea komeni dela ere esan du.