Gizartea -
Tuterako hilketa
Tuterako Hugo Montalvo gaztearen hilketaren epaia hasi da
Gertakaria 2011. urteko urriaren 27ko gauean izan zen, auzipetuak Tuterako Karina tabernara sartu eta biktimarekin eztabaidaka hasi zirenean.
Erredakzioa
Tuterako Hugo Montalvoren hilketa argitzeko epaia hasi da astelehen honetan Iruñeko Justizia Jauregian. Fiskaltzak hamabi urteko kartzela-zigorra eskatu du Jose Miguel C.M eta Jose C.S akusatuentzat, homizidio delitua leporatuta.
Epaiketa goizean hasi da, epaimahaia osatuta (bost emakumek eta bost gizonek osatu dute), eta datorren asteazkenera arte irautea espero dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik zabaldu dutenez.
Gertakaria 2011. urteko urriaren 27ko gauean izan zen, akusatuak Tuterako Karina tabernara sartu eta "zehaztu gabeko arrazoiengatik" biktimarekin eztabaidaka hasi zirenean, fiskalak zehaztu duenez.
Garezurreko eta zerbikaletako politraumatismoa
Tabernako jabeak eztabaidatzen hastea aurpegiratu ostean, bi akusatuak, Montalvo eta lagun bat tabernatik irten eta eztabaidarekin jarraitu zuten kanpoaldean. Bertan, fiskalaren arabera, auzipetuek estrabe edo egurrezko makil batzuekin egin zioten aurre biktimari.
Erasoaren ondorioz, Montalvok garezurreko eta zerbikaletako politraumatismoa jasan zuen, bihotzekoa eraginez. Arazo horien ondorioz urte bereko abenduaren 5ean hil zen.