Gizartea -
Inkesta
Droga guztien kontsumoa jaitsi egin da, lasaigarriena izan ezik
Europar Batasunean kokaina gehien kontsumitzen den herrialdea da Espainia, eta mundu mailan soilik Argentinan eta Txilen kontsumitzen da gehiago.
Erredakzioa
Droga kontsumoa sustantzia guztietan jaitsi egin da Espainian, lasaigarrien kontsumoa izan ezik. Tabako, alkohol, "cannabis" eta kokaina kontsumoa dira gehien murriztu direnak
2011-2012 Drogen eta Alkoholaren Inkestako datuak dira. Francisco de Asis Babin Drogen Plan Nazionalaren arduradunak azaldu du txostena, eta ez du baztertu jaitsiera krisiaren ondorioz dauden baliabide ekonomikoen murrizketarekin lotura zuzena izatea.
Mozkorraldi kopuruak behera egin dute adin guztietan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, baina alkohola azkar edateko modua (bi ordutan bost edari baino gehiago gizonezkoetan eta lau baino gehiago emakumezkoetan) igo egin da.
Europar Batasunean kokaina gehien kontsumitzen den herrialdea da Espainia, eta mundu osoko herrialdeei erreparatuta, soilik Argentina eta Txile daude gainetik. "Cannabis" banaketan eta kontsumoan ere Europako herrialdeen artean buru da.
Bi urtetik behin egiten da inkesta. 15 eta 64 urte arteko 22.128 laguni galdetu diete, eta aurten 2009an baino 11 droga mota gehiago aztertu dituzte, denera 21. Halaber, berrikuntza gisa, sortu berri diren drogen inguruko modulu bat sartu dute.
Gobernuaren helburua egungo araudia homogeneizatzea dela nabarmendu du (Espainiar estatu osoan 183 arau daude); aztertzen ari diren lege batekin egingo lukete, eta zehaztu ez duen "neurri berri bat" izan ditzakeela esan du.
Inkestaren arabera, 15 eta 34 urte artekoen artean gehien kontsumitzen den droga "cannabisa" da.
Ildo honetan, droga honi kentzen zaion garrantziaren inguruko hausnarketa bat egin behar dela esan du Babinek, tabakoak baino arrisku gutxiago duela pentsatzen baita.
Drogen kontsumoa (legalak eta legez kanpokoak) gizonezkoen artean gehiago ematen da, lasaigarrien kasuan izan ezik, droga hau kontsumitzen duten emakumezkoen kopurua gizonezkoen bikoitza baita.
Lasaigarrien kontsumoak gora egin du 2005. urtetik eta soilik alkoholak eta tabakoak gainditzen du. Aurten aurrenekoz, "cannabisaren" aurretik azaltzen da.
Kokainaren kontsumoak 2007an hasitako beheranzko joerarekin jarraitu du, eta gizonezkoek emakumezkoek baino lau aldiz gehiago hartzen dute.