Gizartea -
Erreportajea Time aldizkarian
Welcome to 'Herri Kirolak'
Time aldizkariak Herri Kirolen argazki-erreportajea argitaratu du 'Euskal kirolen mundu bitxia' izenburupean. Sokatira, idi-probak eta aizkolariak, dira, besteak beste, 15 irudietako protagonistak.
L.E.
Metalezko hertzak dituen taula batean oreka gordez, lurretik 6 metro ingurura, basoan, zuhaitzIk gabeko tartean, aizkolari iletsu bat dago, adin ertainekoa, Nick Nolte gaztearen itxurakoa. Enborra mozten ari da, forma emanez". Horrela hasten da Time aldizkariak 'Euskal kirolen mundu bitxia' izenburupean asteazkenean argitaratutako argazki-erreportajea.
Lucia Herrero kazetari-argazkilariaren irudiak Herri Kirolen funtsa harrapatzen saiatzen dira, horretarako idi-proben, harrijasotzaileen, aizkolarien eta trontzalarien probetan bizitako uneak erakusten ditu. Sokatira ere aipatzen du, Aro Modernoko lehen Joko Olinpikoetan kirol olinpikoa izan zela nabarmenduta.
Bitxikeria gisa, 'txapeldun' hitzaren jatorria eta garapena azaltzen ditu, txapelari edo basque heret delakoari lotuta dagoela aipatuz, txapela baita, Time aldizkarian azaltzen duten moduan, Herri Kiroletako probetako irabazleek jasotzen duen saria.
Argazki gehienak Bixintxo festan egin zituen Herrerok, 2012ko urtarrilaren amaieran, Iparralden, Urruñako Herri Kirolari Bai klubaren laguntzarekin.
"Ongi etorri Herri Kiroletara, Frantziaren eta Espainiaren arteko mugan bizi den jende independentearen kiroletara". Esaldi horrek Lucia Herrerosen testuan murgiltzen gaitu, poesia kutsua duen Herri Kirolen nondik norakoen azalpenera: idi-probetako idiak, apainduraz beteriko uztarriekin, adardun zebra magikoekin alderatzen ditu, eta sokatirako tiratzaileen arnasketa sakonei "erritmo abstraktua, musika perfektoaren soinua" antzematen die. Hitz gutxitan esateko: Herri Kirolak, Time aldizkariaren ikuspegitik.