Gizartea -
Aknearen aurkako pilula
Bayer etxeko antisorgailu batek lau heriotza eragin zituela uste dute
Aknearen aurkako eta antisorgailu gisa ere erabiltzen den Bayer laborategiko pilula batek lau emakumeren heriotzak eragin zituen susmoa du Frantziak.
Erredakzioa
Frantziako Botiken Segurtasunen Agentzia Nazionalak esan duenez, lau emakumeren heriotzak Bayer laborategiko botika baten kontsumoarekin lotuta egon daitezke, aknearen aurkako eta antisorgailu gisa ere erabiltzen den pilula batekin hain zuzen.
Ohar baten bitartez, heriotzak "Diane 35 produktua hartzeagatik eragindako zainetako tronbosi batengatik" izan daitezkeela esan du agentziak.
Hori dela eta, gaixoen heriotzetan botikak izandako jokabidea aztertzeko analisi sakonagoak egiten hasi direla gaineratu dute.
Produktu hau 135 herrialdeetan baimenduta dago eta 116tan saltzen da. Emakumeen akneari aurre egiteko aztertuta dago, baina obulazioaren inhibizioa eragiten du, beraz, antisorgailu gisa ere erabili daiteke.
Aurreko urtean, 315.000 emakumezkok hartu zuten botika Frantzian, eta 1987. urtean jada hainbat salaketa jarri zirela esan du agentziak.
Hirugarren eta laugarren generazioko antisorgailuen kontsumoarekin lotutako osasun arriskuak aztertzeko Frantziako Gobernua egiten ari den ikerketarekin bat egin du alerta berri honek.