Gizartea -
Viena
Biluzien erakusketa bat arroparik gabe ikusteko aukera eskainiko dute
Vienako Leopold Museumek "Naked Men" erakusketa polemikoa arroparik gabe ikusteko jardunaldia egingo du, otsailaren 18an.
Erredakzioa
Vienako Leopold Museumek "Naked Men" erakusketa polemikoa arroparik gabe ikusteko jardunaldia egitea erabaki du. Otsailaren 18an, 18:00etatik aurrera, bisitariek gizonezkoen biluziek Artearen historian izan duten ibilbidea errepasatzen duen erakusketa biluzik bisitatu ahal izango dute, nudisten hainbat elkartek eskatu ostean.
Joan den urrian, museoak erakusketako kartela zentsuratu behar izan zuen, hiru futbolari biluzik erakusten zituelako.
Hala ere, dirudienez, hasiera batean vienarrak lotsatu zituen erakusketak arrakasta handia izan du, eta apirilaren 4ra arte luzatzea erabaki dute.
Duela mende bat ere, Egon Schiele margolari austriarraren biluzien margolanek polemika eragin zuten. Leopold museoak, Schieleren obra gehienak ditu, eta 2005ean ere museoa arroparik gabe bisitatzeko aukera eskaini zuen. Jardunaldi hura oso arrakastatsua izan zen, eta jende asko gerturatu zen bainujantzian edo biluzik.
"Naked Men" erakusketak museoaren bisitari kopurua % 17 igo du (364.000), eta 2012ko ikusiena izan da.