Gizartea -
Turismo azoka
'Euskadi-Basque Country' marka, Fiturren indartsu
Iaz izandako bisita kopurua "handitzen" saiatuko da Jaurlaritza 2013. urtean, eta, horretarako, gastronomian, hiriburuetan eta kostaldean oinarritutako turismo eskaintza aurkeztuko du Fiturren.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 'Euskadi-Basque Country' marka turistikoa bultzatuko du aurtengo Fitur azokan, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak jakinarazi duenez. Azoka gaur hasi da, Madrigo Ifeman.
EFE agentziari eskainitako elkarrizketan, "teknologian eta industrian aditua den herri batentzat" turismoak duen "garrantzia" goraipatu du sailburuak. "Gastronomia indartsu bat eta pertsona zoragarriak ere badauzkagu", gaineratu du.
2013. urtera begira martxan jarritako plan estrategikoa ere azaldu du. Iaz izandako bisita kopurua "handitzen" saiatuko da Jaurlaritza, nahiz eta "zaila" izango dela jakin. "Ekonomikoki urte zaila izango da", adierazi du Tapiak.
2012. urtean, nazioartetik etorritako bisitarien kopuruak gora egin zuela nabarmendu du sailburuak. Hala ere, Estatutik datorren turismoa ez dutela ahaztuko azpimarratu du: "Madril eta Bartzelona hiriburu garrantzitsuak dira, handik datozenek errepikatu egiten dutelako".
Bestalde, nazioarteko bisitari kopurua ere handitu nahi dute: "Europako erdigunetik, Italiatik edo iparraldeko herrietatik datozenak, batez ere".
Tapiak goraipatu duenez, asteburuko turismoa indartzeaz gain, Jaurlaritzak "negozioak egiteko asmoz datozen bisitariak" ere zainduko ditu.
Espainiarekin lotutako marka atzean utzita, Euskadik bere marka propioa "mapan" kokatu behar duela esan du.
Euskadiko turismo eskaintza "handia" dela gaineratu du: "Hiriburuetako turismoarekin batera, kostaldearekin eta surfarekin lotutakoa ere badaukagu, baita herrietako turismoa ere", esan du. EAEko gastronomia ere nabarmendu du Tapiak EFEri eskainitako elkarrizketan.