Gizartea -
Donostia
Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, adingabeei mehatxu egiteagatik
18 urteko gazte bat atxilotu dute Donostian Internet bitartez irudi pornografikoak lortzeko adingabeei mehatxu egiteagatik.
Erredakzioa
18 urteko gazte bat atxilotu dute Donostian eta espetxean sartu dute, posta elektronikoak bidegabe hartzea eta "mehatxuen bidez irudi pornografikoak" lortzen saiatzea egotzita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Teknologia Delituetan adituak diren Ertzaintzaren agenteek iazko urte amaieran hasi zuten ikerketa, Gipuzkoako hainbat polizia-etxetan jarritako salaketen ostean.
Biktimak 14 eta 16 urte bitarteko gazteak ziren. Orain atxilotu duten gazteak horien posta elektronikoa mendean hartzen zuen, eta horien profiletan sartzen zen.
Gehienetan, biktimek lagunen abisuak jasotzen zituzten norbaitek kontua hartu ziela ohartaraziz, eta ustezko gaizkilearekin kontaktuan jartzen zirenean, irudi pribatuak bidali ezean euren argazkiekin muntaiak egingo zituela esanez egiten zien mehatxu.
Salaketa guztiak ikertu ostean, Donostian bizi zen 18 urteko gazte batekin topo egin zuten agenteek. Aurretik ere, antzeko ekintzetan nahasita egon zen eta oraingoan, atxilotu egin dute.