Gizartea -
Nafarroan
Epaileak espetxera bidali du Antsoaingo hilketaren atxilotuetako bat
Antsoaingo emakumearen hilketagatik bi lagun atxilotu zituzten. Haietariko bati fidantzarik gabeko espetxealdia ezarri diote, biktima sabelean sastatu zuela egotzita.
Erredakzioa
Iruñeko Instrukziozko 5. Auzitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio J.S.L.O. lagunari, Antsoainen bizi zen emakumearen hilketa leporatuta. Hilketa honengatik, bi lagun atxilotu zituzten ostegunean. Epailearen arabera, orain espetxera bidali duenari emakumea sabelean sastatzea egotzi dio.
Auzitegiaren ebazpenak dioenez, J.S.L.O.k biktima sastatu zuen bat-batean, eta horrek "hemorragia-shock"a eragin zion. Halaber, epailearen arabera, akusatu honek eskainitako testigantza "ulergaitza" izan da.
1970ean jaiotako M.M.O. emakumea J.S.L.O. eta F.J.C.C.-rekin bizi zen Antsoainen. Antsoaingo Udalak jakinarazi duenez, herritar batek Foru Polizia deitu zuen Noain Anaiak kaleko etxebizitza batean liskar gogor baten berri emateko. Hiru agente bertaratu ziren, eta emakume bat hilik aurkitu zuten. Ondoren, etxean zeuden bi gizonezko atxilotu zituzten.