Gizartea -

Eztabaida Kongresuan

'Ez zara bankuetan aditua, kriminala baizik'

PAH Hipotekadunen Plataformako bozeramailearen hitzak dira. Salatu duenez, 'legegintzaldia primerakoa dela esaten dute zenbaitek, beste batzuek bere buruaz beste egiten duten bitartean'.

Ada Colau. PAH Hipotekak Kalte Egindakoen plataformako kidea. Argazkia: EITB
Ada Colau. PAH Hipotekak Kalte Egindakoen plataformako kidea.
Ada Colauk 'kriminala' deitu dio bankuen ordezkari bati, Kongresuan

0:53

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ada Colau PAH Hipotekadunen Plataformako bozeramaileak "kriminala" deitu dio Javier Rodriguez Pellitero Espainiako Bankuen Elkarteko idazkari nagusiari. Diputatuen Kongresuko Ekonomia Batzordeko ordezkarien aurrean egin ditu adierazpenok Ada Colauk, eta Santiago Lanzuela batzordeko presidenteak esandakoa zuzentzeko eskatu dio. Hori egin ezean saioa bertan behera utziko zuen mehatxua egin dio.

Espainiako Bankuen Elkarteko idazkari nagusiak hitz egin du lehendabizi eta hipoteka sistema espainiarraren alde egin du. Ondoren, Ada Colau hasi da hizketan eta Javier Rodriguez Pelliteroren hitzak gogor kritikatu ditu. "Etxegabetzeen gaian sinesgarritasun gehiegi eman zaie ustezko adituei", gaineratu du.

"Espainiako legedia primerakoa dela esatea, bien bitartean, herritarrak bidegabeko lege bategatik beren buruaz beste egiten ari direnean, erabat kriminala da. Nire ikuspuntua azaldu nahi nuelako ez diot nire zapata bota. Kriminala da eta ez aditua", adierazi du.

Hipotekadunen Plataformako bozeramailearen hitzetan, "finantza erakundeek herrialdeko ekonomia hondoratu dute, eta, hala ere, aditu maila ematen zaie ".

Ada Colauk hitz egin ostean, Santiago Lanzuelak hartu du hitza. Horren ustez, Diputatuen Kongresuan adierazpen askatasuna "urrezko araua" da, baina bere mugak ditu. Gaineratu duenez, "ez dago irain larri horiek justifikatuko dituen arrazoirik".

"Diputatua izango bazina zure jarrera aldatzeko eskatuko nizuke. Zure hitzak erretiratzeko eskatu nahi dizut", adierazi du. Ada Colauk, ordea, ez du esandakotik hitz bat bere ere aldatu.

Egoera errepikatuz gero saioa bertan behera uzteko mehatxua egin du batzordeko buruak. "Pentsa ezazu zer esan duzun, eta erretiratu itzazu zure hitzak", gaineratu du.

Colauren iritziz, batzordeko presidenteak Pellitero ohartarazi behar zuen "arazoa ukatu, eta hura pairatzen dutenei iseka egin dienean".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea