Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Udaltzain batek ustez bikotekide ohia hil du, Ciudad Realen
Ondoren, bere buruaz beste egin du. Ustezko erasotzaileak urruntzeko agindua zuen abenduaren 7az geroztik, baina epaileak baliogabetu egin zuen astearte honetan.
Ustez, udaltzain batek bikotekide ohia hil du Ciudad Realen, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du tiroz. Antza denez, ustezko erasotzaileak emakumearengandik urruntzeko agindua zuen atzora arte.
Hilketa 09:40 inguruan gertatu da: dirudienez, gizonak hiru tiro eman dizkio emakumeari supermerkatu batean atarian. Segidan, ondoko aparkalekuan bere buruaz beste egin du, tiro bat emanda.
Jesus Labrador Gaztela-Mantxako gobernu ordezkariak adierazi duenez, atzo bertan baliogabetu zuen urruntze agindua epaileak, eta gaur, "zoritxarrez", hilketa gertatu da. Emakumeak tratu txarrak salatu zituen abenduaren 7an, eta ondorioz, epaileak urruntze agindua ezarri zion ustezko erasotzaileari.
Udaltzaina bajan zegoen, depresioak jota. Halaber, abenduaren 7an, zegokion arma kendu zioten.