Gizartea -
CISen inkesta
PPk PSOErekin duen aldea 5 puntukoa da, Barcenas auziaren aurretik
Alderdi politikoak eta ustelkeria, espainiarren kezka nagusien artean kokatu dira berriro CISek urtarrilean egin duen inkestaren arabera.
Erredakzioa
PPk PSOErekin duen aldea 5 puntura jaitsi da, Barcenas auziaren aurretik egindako inkestaren arabera. Azkenekoan (urrian) aldea 7,3 puntukoa zen eta hauteskunde orokorretan ia 16 puntukoa izan zen.
CIS Ikerketa Soziologikoaren Zentroak 2.483 inkesta egin ditu 48 probintziatako 238 herritan, 2013ko urtarrilaren 4tik 14ra bitartean, hau da, Barcenasek 22 milioi euro Suitzako banku batean ezkutatuta zituela jakin baino bi egun lehenago.
Ustelkeria, kezka nagusien artean
Bestalde, alderdi politikoak eta ustelkeria espainiarren kezka nagusien hirugarren eta laugarren postuan daude, hurrenez hurren. Lehen postuan langabezia dago eta bigarrenean, egoera ekonomikoa.
Barcenas auzia argitara atera baino bi egun lehenago egin ziren inkestak, nahiz eta "Pallerols auziaren" inguruko berriak jakinak ziren, hau da, Unió Democrática de Catalunya alderdiari eragindako finantziazio irregularraren nondik norakoak.
Galdetutakoen % 81,8ren ustez, arazo nagusia langabezia da, ondoren, egoera ekonomikoa, zehazki % 38,9rentzat. Alderdi politikoak herritarren % 30,3ren ustez dira arazo nagusia Espainian eta ustelkeria % 17,7rentzat.
Egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela uste du galdetutakoen % 77,4k.