Gizartea -

Errepideen egoera

Bi mendate itxi dituzte Araban eta sei Nafarroan, elurraren ondorioz

Gainera, hainbat lekutan kateak behar dira zirkulatzeko. EAEn abisu horia ezarri dute, elurra dela eta.

Pagozelai, elurtuta. EITB
Pagozelai, elurtuta. EITB
Jaurlaritzak emergentzia aurreko egoera jarri du indarrean uholde arriskuagatik

1:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du gaurko, 500 metrora elurra egin dezakeelako. Gainera, barnealdean izozteak izango dira, eta 100 km/h-ko haizeteak leku babesgabeetan. Abisu horiak bihar arte iraungo du.

Eguraldiaren ondorioz, bi mendate itxita daude Araban: Opakua eta Herrera.

Gainera, Bernedon eta Zaldiaranen, autoek kateak behar dituzte zirkulatzeko, eta kamioi eta ibilgailu artikulatuentzat itxita daude. Salinasen ere, kateak behar dira edozein ibilgailurekin zirkulatzeko.

Halaber, Trafiko Zuzendaritzak honako mendate hauetan arreta handiz gidatzeko eskatu du: Aiurdin, Altube (AP-68), Azazeta, Barrerilla, Garate, Kruzeta, Okina, Artikutza, Deskarga, Gontzugaraigana, Udana, Urraki, Barazar, Bikosgana, Kanpazar, Herrera eta Ubal.

NAFARROA

Foru Erkidegoan, bigarren mailako errepide sareko sei mendate itxi dituzte, eta sei errepidetan kateak behar dira.

Gainera, Araba eta Lapoblacion lotzen dituen Bernedoko mendatea ere itxita dute.

Errepideei dagokienez, honakoak itxi dituzte: Urkiaga,  Aralar, Matamachos, Belagua eta Izaba-Zuriza errepidea (NA-2000).

Bestalde, errepide hauetan kateak behar dira: NA-137, NA-140, NA-120, NA-718, NA-1740 eta NA-4453.

Goiz osoan zehar elurra eta euria izan dira nagusi Iruñean, eta hainbat arazo sortu dira, Udaltzaingoko iturriek jakitera eman dutenez. Informazio horren arabera, egoerak txarrera egin du 13:00etan, eta hiriko erdiguneko zenbait kale itxi behar izan dituzte. Taxoare kalea, esate baterako, gatza botatzeko itxi behar izan dute; eta Unibertsitaterako errepidea ere moztuta egon da, ur-putzu handiak sortu baitira.

Arga ibaia, oraingoz, ''alerta mailatik oso behera'' doa, baina egoera gertutik zaintzen jarraitzen dute.

ASTEBURUKO EGURALDIA

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur negu beteko giroa izango da. Kantauriar isurialdean euria erruz botako du, eta tarteka kazkabarra egingo du, kostaldean batez ere. Elur-maila 500-700 metroan kokatuko da. Bestalde, haizea zakar ibiliko da, haizeguneetan, kostaldean eta Ebro bailaran, bereziki. Tenperaturak behera egingo du apur bat eta giroa hotza izango da.

Larunbat goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du, kantauriar isurialdearen mendebaldean batez ere. Lurraldearen hegoaldean, giro hobea izango da; prezipitazio gutxiago espero da eta zerua ere argiago egongo da. Iparraldeko haizeak gogor joko du, kostaldean eta mendi inguruetan bereziki Gauean haizeak mendebaldera egingo du eta indarra galduko du. Tenperaturari dagokionez, ez da gorabeherarik espero, eta barnealdeko zenbait tokitan izotza egingo du.

Igande arratsaldean fronte hotz batek kantauri itsasoa zeharkatuko du eta arratsaldean eguraldiak nabarmen egingo du okerrera. Dena den, goizean eguraldi polita izango da, eguzkia ikusteko aukera izango da. Eguerditik aurrera zerua estaltzen joango da eta euritara egingo du. Egunaren amaieran trumoiak jo eta txingorra ere egin lezake. Goizean hego-mendebaldeko haizeak joko du eta iluntzean ipar-mendebaldera egingo du. Tenperatura maximoak igo egingo dira, kantauriar isurialdean bereziki. Alabaina, gauean tenperatura asko jaitsiko da eta elur-maila ere bai, 500--600 metroan kokatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea