Gizartea -
Gasteiz
21 urteko zigor-eskaera, 9 urteko neska bati sexu-abusuak egiteagatik
Akusatuaren emaztearen iloba da neskatoa, eta 18 hilabetez ia egunero sexu-abusuak egitea leporatu diote gizonezkoari. 72.000 euroko kalteordaina ere eskatu dute.
Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak 21 urteko kartzela zigorra eta 72.000 euroko kalteordaina eskatu ditu gizonezko batentzat, 9 urteko neskato bati 18 hilabetez ia egunero sexu-abusuak egitea leporatuta. Akusatuaren emaztearen iloba da neskatoa.
Fiskalaren idatziaren arabera, 54 urteko gizonezkoa emaztearekin, emakumearen alabarekin eta hiru iloba adingabeekin bizi zen, Gasteizen.
Ustez, 2008an hasi ziren sexu-abusuak. Neskatoaren ama eta amona etxean ez zirela aprobetxatuz, logelara sartzen omen zuen adingabea, eta egongelan uzten zituen gainerako ilobak.
Fiskaltzaren arabera, arropak kentzen zituen gizonezkoak, eta neskatoari ere kentzen zizkion. Ondoren, neskatoaren gainean jartzen zen. Neskatoari musu eman eta gorputza ukitzen omen zion, eta, ustez, genitalak ukitzera behartzen zuen adingabea. Halaber, ustez zakila baginan eta ahoan sartu zion, baina ez zuen koitoa erabat gauzatu.
Neskatoaren nebak erasoa ikusi omen zuen behin, baina akusatuak bi adingabeak mehatxatu egin zituen, gertatutakoa ez kontatzeko.
Adingabearen barruko arropetan aurkitutako odol aztarnen ondorioz, ama susmoa hartzen hazi zen, eta, hilabete baten ondoren, alabak gertatzen ari zena kontatzea lortu zuen.
Ustezko abusuek psikologikoki eragin diote adingabeari, eta tratamendua jaso behar izan du. Halaber, nebak eta amak ere tratamendu jaso dute.
Epaiketa datorren astean abiatuko da, Arabako Lurralde Auzitegian.