Gizartea -
Tren batean atxilotu dute
Suitzatik EAEra 1,8 milioi zekartzan gizon bat atxilotu dute
Zurichetik Parisera zihoan tren batean atxilotu dute gizonezkoa. Fiskaltzaren arabera, diru hori jasoko zuten lagun gehienak euskaldunak dira.
Erredakzioa
500 euroko billetetan 1,8 milioi euro eramateagatik 50 urte inguruko gizonezko bat atxilotu dute Zurich-Paris bidea egiten duen tren batean. Frantziako Fiskaltzaren arabera, hainbat lagunek Suitzako kontuetara dirua eraman eta orain berreskuratu nahi omen zuten. Horregatik, gizonezkoak mezulari lanak egiten zituen. Fiskaltzak dirua jasoko zuten hainbat lagun identifikatu ditu, gehienak euskaldunak.
Prebentzioko espetxeratze agindua jaso du dirua zuritzea egotzita, AFP agentziak jakinarazi duenaren eta hainbat komunikabidek argitaratutakoaren arabera.
Aurten, Frantzian eskudirutan atzeman duten diru kopuru handiena da.
Basilea-Mulhouse aduanako zerbitzuek atxilotu zuten gizonezkoa ostegun goizean, trenean, gainean 3.500 billete zituela.
"Lehen ikerketen arabera, zerga iruzur kasu bat da. Espainiako nazionalitatea duten hainbat lagunek Suitzako bankuetan dirua jarri eta orain berreskuratu nahi zuten. Atxilotutakoak dirua Espainiara eraman nahi zuen", kontatu dio Rémi Coutin fiskalak AFP agentziari.
Susmagarriari dirua zuritzea, iruzur fiskala, Frantzian dirua deklaratzeko beharra ez betetzea eta dirua bidegabe hartzea egotzi diote. Delitu hauengatik guztiengatik 10 urteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete.