Gizartea -
Istripua La Palman
Gurutze-ontzi bateko salbamendu praktiketan bost lagun hil dira
Lehen informazioen arabera, tripulazioa salbamendu praktikak egiten ari zela gertatu da istripua.
Erredakzioa
Bost lagun hil eta beste hiru zauritu dira La Palmako Santa Cruzeko portuan dagoen gurutze-ontzi bateko ontzi bat itsasora erori ostean. Larrialdietarako zerbitzuek esan dutenez, simulazio bat egiten ari ziren.
Iturri berek jakinarazi duenez, portuan dagoen gurutze-ontzi batetik salbamendu-txalupa bat itsasora erori dela ohartaraziz abisua jaso dute, 12:00etan.
Bertara helikoptero bat, larrialdietarako taldeak, anbulantziak, medikuak, erizainak eta urpekariak joan dira.
Tripulazioa salbamendu praktikak egiten ari zenean gertatu da istripua, salbamendu-txalupa bat 30 metroko altueratik itsasora erori denean.
Ez dute hildakoen identitateen berri eman, baina bat Indonesiakoa, beste bat Filipinetakoa eta beste bat Ghanakoa dela adierazi dute. Zauritutakoen artean, bi greziarrak dira eta beste bat Filipinetakoa, Guardia Zibilak esan duenez. Azken hauen esku gelditu da gertaeraren ikerketa.
Thomson Majesty gurutze-ontzian gertatu da istripua, Thomson Cruises konpainia britainiarraren ontzi batean. Santa Cruzen (Tenerife) du basea, Kanarietatik eta Madeiratik bidaiatzen du eta normalean igandetan La Palmako Santa Cruzen egon ohi da.
Barkuan 2.000 lagun inguru daude, baina ez da bidaiaririk zauritu.
Inauterietako ekitaldiak, bertan behera
La Palmako Santa Cruz hiriak inauterien jaien barne aurreikusitako arratsalderako ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du
Hala ere, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, biharko ekitaldiei eutsiko diete eta Indianoen jaia, hiriko ekitaldi jendetsuena, aurreikusi bezala egingo dute.