Gizartea -
Gertakizuna
Pertsona bat larri Bilbon, gizon batek labankada emanda
Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko erasotzailea. Errekalde auzoko Gordoniz kalean jazo da erasoa.
Erredakzioa
Gizon batek pertsona bat sastatu, eta larri zauritu du gaur gauerdian, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez. Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko erasotzailea (34 urtekoa).
Erasoa 23:40an jazo da, Errekalde auzoko Gordoniz kalean. Biktima Basurtuko ospitalera eraman behar izan dute.
Ertzaintzaren esanetan, ustezko erasotzaileak eta biktimak eztabaida izan dute establezimendu baten barruan, eta ondoren kanpoaldean borroka egin dute. Une batean, bietako batek urdaiazpikoa mozteko aizto bat atera, eta hainbat haldiz sastatu zuen bestea.
Ertzaintzak handi gutxira atzeman du ustezko erasotzailea. Odol arrastoak zituen aurpegian eta eskuetan eta, agenteek egiaztatu dutenez, labana Anboto kaleko lorategi batean ezkutatzen saiatu da.
Izapideak bukatu eta gero, ertzainek epailearenera eramango dute.
Bestalde, larunbat goizaldean hainbat pertsonak borroka egin zuten, labanak eskuetan, Bilboko taberna baten kanpoaldean, eta Polizia autonomikoak 21, 22 eta 24 urteko hiru gazte atzeman zituen.