Gizartea -

Denboralea

Horrela jarraitu dugu elur eta euri denboralea eitb.com-en

Elurteek eta euriak arazo ugari sortu dituzte, bereziki goizez; baina egoera hobera doa eta Larrialdi Plana maila bat jaitsi dute.

Elurrak Araba kolapsatu du

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19:54. Abisu bakarra dago indarrean: Abisu horia, euriagatik.

19:39. Jaurlaritzak maila bat jaitsi du larrialdi plana.

19:31. Argindarrik gabe daude oraindik 3.000 etxebizitza Araban eta 200 bat Gipuzkoan.

18:59. Mendateen egoera: Opakua, Urduña, Leintz-Gatzaga, Urraki eta Dima itxita daude, ibilgailu guztientzat.

18:50. Euskalmeten iragarpenaren arabera, elur-maila 1.500 metrora igoko da gaur arratsaldez.

18:27. N-1 errepidea itxita dago Agurainen (Araba), Iruñerako noranzkoan, kamioi batek izan duen istripua dela-eta. Ez dago zauriturik.

18:05. 8.000 bat bezero argindarrik gabe egon dira Altsasun (Nafarroa), baina hasi dira gutxika argindarra berreskuratzen.

18:00. Krisi Mahaia berriro batzartu da.

17:42: Lur-jausien ondorioak: Azkoitiko (Gipuzkoa) hainbat baserri isolatuta eta Etxebarriko zenbait toki argindarrik gabe.

17:32. Segurtasun Sailak euria dela-eta indarrean dagoen alerta laranja abisu horira jaisteko asmoa du 18:00etan.

17:25. 17:00etan, 5.000 bat erabiltzaile zeuden argindarrik gabe Araban, eta 600 bat Gipuzkoan.

17:05. Azken ordubetean hiru lur-jausi izan dira. Horietako bat Azkoitian (Gipuzkoa) izan da, GI-3172 errepideari eragin dio eta hainbat baserri isolatuta utzi ditu. Bigarrena Etxebarrin (Bizkaia) izan da, eta N-634 errepideari eragin dio, Bilboko noranzkoan. Lur-jausiaren ondorioz, argindar-zutoin bat erori da, eta hainbat bizilagun argindarrik gabe geratu dira. Hirugarrena Mutrikun izan da.

17:04. Euri jasaren ondoren, lur-jausiak dira orain beldur nagusia Gipuzkoan eta Bizkaian.

15:57. Bizkaian, Getxon, Gobela ibaiaren egoera egonkortuz doa. Azken orduotan horren mailak behera egin du.

15:44. N-I errepidean, Etxegarateko mendatean, izan diren arazoak ere konpontzen doaz, baina errepidea itxita dago kamioentzat. Guztira 16 mendate daude itxita EAEko bigarren mailako errepide sarean.

15:41. Egoerak hobera: Errepide sare nagusian errepide bakar batek jarraitzen du erabat itxita: Bilbo eta Gasteiz arteko AP-68 errepidea. Gipuzkoa eta Nafarroa artean A-15 autobidean izan diren arazoak ere konpontzen doaz.

15:10. Berriz ere martxan jarri dute tranbia zerbitzua Gasteizen.

14:30. Argindarra itzuli da EAEko 22.000 bat etxebizitzatara, baina oraindik 11.000 daude zerbitzurik gabe. Arabako 11.000 etxebizitzatan eta Gipuzkoako beste 11.000tan lortu dute argindarra berreskuratzea, baina Arabako hainbat herrialdetako 11.000 etxebizitza oraindik argindarrik gabe daude.

14.22. Adineko bikote bat etxetik aterarazi dute Galdakaon (Bizkaia), etxabea urez betetzeko arriskua dela-eta.

14:09. Denboralearen ondorioz, tren bat lau orduz egon da harrapatuta Altsasun (Nafarroa), barruan 190 bidaiari zituela.

13:38. Loiun (Bizkaia), urritasunak dituzten 40 adingabe ebakuatu behar izan dituzte argindar zerbitzuan arazoak izan dituen zentro batean.

13:35. Krisi Mahaia (besteak beste lehendakariak, aldundiek eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak hartu dute parte) berriz ere batzartuko da 18:00etan, egoera aztertzeko.

13:32. Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala kezkatuta agertu dira. Izan ere, gaurko elurra urtzen hasten denean, uholdeak egon litezke.

13:14. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen esanetan, denboralea baretzen ari da, hau da, elurra Araban eta euria Bizkaian. Dena dela, 30.000 etxek argindarrik gabe jarraitzen dute Araban eta Gipuzkoan.

12:42. EAEko trenbide sarean, trenen joan-etorria guztiz geldirik dago Bilbo eta Miranda de Ebro (Burgos) artean, Izarran (Araba) zuhaitz bat erori baita trenbidean. Gainera, Beasain-Brinkola tartea oraindik ere itxita dago.

12:40. Trafikoa: AP-68 autobidea (Bilbo-Gasteiz) EAEko errepide sare nagusian itxita dagoen bide bakarra da; arazo nagusiak Aretako eta Altubeko ordainlekuen artean daude. A-15 autobian (Gipuzkoa-Nafarroa), arazoak konpontzen hasi dira, noranzko bakoitzean errei bat ireki baitute.

12:33. Iruñean elurra eten, eta euria ari du orain. Horrenbestez, alfonbra zuria desagertzen ari da. Altsasun, argindarrik gabe daude 07:00etatik.

12:03. Mondragon Unibertsitateak arratsaldeko eskolak bertan behera utzi ditu Aretxabaletako, Oñatiko eta Eskoriatzako fakultateetan.

11:59. Ibaien egoera: Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, "okerrena pasa da". Arazorik handienak Asuan eta Zangroizen izan dira, eta alerta gorria ezarri dute. Gobela, Butroi eta Cadagua ibaietako egoera hobea da, maila horia eta laranja artean daude.

11:40. Albiste onak Altubetik. Elurra egiteari utzi dio, baina ingurua kolapsatuta dago. Hainbat gidari 3 orduz harrapatuta egon dira errepide horretan, horien artean, hainbat legebiltzarkide: 08:00etan irten dira Bilbotik eta oraindik ez dira Gasteizera iritsi.

11:28. Gasteizko Udalak adierazi duenez, azken sei urteotako elurterik handiena da. Gasteizen 10-15 zentimetroko elur geruzarekin esnatu dira, Euskalmeten iragarpenen arabera 2 zentimetroko geruza egin behar bazuen ere. 03:00etatik 250 lagun ari dira lanean elurrak eragindako arazoak konpontzeko.

11:24. Nafarroako errepideetako egoeraren errepasoa: Iruñatik Logroñora doan A-12 autobidea kamioientzat itxita dago Los Arcos eta Lizarra artean. N-121-A errepidea (Iruña-Behobia) itxita dago Doneztebe parean. Bestalde, zirkulazio arazoak daude A-1 autobidean, itxita baitago Etxegarateko mendatea. Bigarren mailako errepide sareko zazpi mendate itxita daude.

11:16. Ibaien egoera: Asua ibaiaren ur-maila jaisten hasi da, eta Kadagua eta Nerbioi ibaiak egonkortu egin dira.

11:06. Eusko Trenek tranbia zerbitzua bertan behera utzi du Gasteizen.

10:47. EAEko errepideeetako egoeraren errepasoa: 15 mendate itxita daude, horien artean, Etxegarate eta A-15 autobidea, Andoain eta Nafarroa artean. Errepide sare nagusian arazoak daude, AP-68 autobidean, Bilbo eta Gasteiz artean, esaterako. Altubeko ordainlekuan eta N-1 errepidean Burgoserako eta Nafarroarako noranzkoan ibilgailuen zirkulazioa oso geldoa da galtzadan pilatutako elurra dela eta.

10:42. Iberdrolak baieztatu duenez, 30.000 etxe argindarrik gabe daude Araban (Legutio, Antoñana, Murgia...) eta Gipuzkoan (Aretxabaleta, Oñati, Urretxu...).

10:37. Lapurdin, Baionako hainbat kale urak hartuta daude. Biarritzen, Manolo Valdesen eskultura apurtu egin da.

10:34. La Union konpainiak bertan behera utzi ditu Bilbotik Iruñerako, Logroñorako eta Gasteizerako bidaiak. Goizean goiz atera da Gasteizera joan den autobus bakarra, eta errepidean harrapatuta geratu da. Madrilgo noranzkoan, autobusak ateratzen ari dira Termibusetik, baina ziur asko arazoak izango dituzte errepideetan.

10:27. Elurra ari du Gasteizen, eta egoerak zaila izaten jarraitzen du. Zaila da oinez mugitzea ere. Autobus linea guztiak martxan daude, baina mantso eta atzerapenekin. Leku aldapatsu batzuetara ezin dira iritsi.

10:18. Ibaien egoera: Asuak gainezka egin du Derion, Sondikan (Zangroizen) eta Asuan; Butroik, Marurin; Ibaizabalek, Galdakaon eta Etxebarrin; Bilboko Itsasadarrak gainezka egin du Elorrietan eta Olabeagan; eta Cadaguak Alonsotegin eta Gueñesen.

10:12. Elurrak euskal errepide sareko trafikoa eten du, 15 mendatetan, Etxegaraten besteak beste. Gainera, A-15 itxita dago Andoain eta Nafarroa artean, eta putzu handiak daude errepide guztietan.

10:06. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 0 mailatik 1.ra igo du Uholdeei aurre egiteko Larrialdi Plan Berezia. Izan ere, uholdeak daude leku jakinetan, baina Segurtasun Saila arreta ematen ari da eta baliabide guztiak martxan jarri dituzte.

10:01. Eusko Jaurlaritzaren Krisi Mahaia batzartu egingo da ordu honetan. Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartuko du parte.

09:33. A-5 autobia ireki egin dute; N-1 errepidean, errei bakarra dago irekita, Gasteizerako noranzkoan.

09:21. Arabako gainerako herrien egoera: elurra mara-mara. Izarran eta Dulantzin argindarrik gabe daude, eta elur geruza 30-40 zentimetrokoa da.

09:17: A-15 autobia itxita dago Donosta eta Iruñea artean.

09:14. Gasteizen, bien bitartean, kaos handia dago garraioan. Bilbo-Gasteiz eta Gasteiz-Bilbo autobus zerbitzuak, adibidez, etenda daude.

09:07. Tren zerbitzua etenda dago Beasain eta Brinkola artean, trenbidean zuhaitz bat erori baita.

08:59. N-1 errepidea itxita dago Araba eta Gipuzkoa artean, Etxegarateko mendatean elurra baitago.

08:42. Nafarroan, Pirinioetako herri askoren egoera kezkagarria da; izan ere, 16 egunez jarraian egin du elurra. Orreagan eta Zaraitzun, esaterako, 30 zentimetroko geruza dute.

08:37. Iruñea ere zuri-zuri esnatu da. Euria eta elurra gogotik bota ditu, nahiz eta arazoak lehengo astekoak baino txikiagoak diren.

08:21. Bilboko Itsasadarrak gainezka egin du Zorrotzaurren, Elorrietan eta San Ignazion, goizaldean. Hala ere, dagoeneko egoera kontrolatuta dago.

08:16: Arazoak, batik bat, Bizkaian eta Araban dira nagusi. Bizkaian, euriagatik; Araban, ordea, elurragatik. Gipuzkoan ez dago aparteko arazorik.

08:15: Gasteizen jarraitzen dugu: tranbia geldituta dago orain ordubetetik, eta ez da auzoetara iristen matxura bat dela eta. Industriaguneetara joateko bideetan eta zubietan ere arazoak daude (San Kristobalekoa itxita dago). Hiri erdigunean trafiko arazoak daude.

08:12: Araban gogotik bota du elurra. Gasteizen 10-15 zentimetroko elur geruzarekin esnatu dira, eta arazo dezente daude hiriburuan.

07:56: Getxon, Gobela ibaiari adi-adi daude, Sondikan Asua ibaia eta Galdakaon Ibaizabal ibaia arretaz jarraitzen ari dira.

07:48: Hainbat ibaik gainezka egin dute Bizkaian, besteak beste, Butroe ibaiak, Maruri eta Gatika artean. Erandion ere urak gainezka egin du.

07:43: Gogotik egin du euria gau osoan zehar Bizkaian eta Araban.

07:30: Alerta laranja dago EAEn, euri eta olatu arriskuagatik; Nafarroan, aldiz, elurragatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea