Gizartea -
Denboralea Araban
ARABA: Uholde arriskua, elurte handiaren ondoren
Elurrak hainbat arazo sortu ditu errepideetan eta sare elektrikoan. Arratsaldean 5.000 lagun baino gehiagok argindarrik gabe jarraitzen dute.
Erredakzioa
Elurra nagusi izan da astearte honetan Araban, bereziki goizean-goiz. Gasteizko Udalak adierazi duenez, azken sei urteotako elurterik handiena izan dute, baina, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen esanetan, denboralea baretzen ari da Araban.
Orain, baina, uholde arriskuak kezkatzen du. Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak euren ezinegona aurkeztu dute hurrengo egunetan izan daitezkeen uholdeak direla eta. Izan ere, gaur botatako elurraren urtzeak, hurrengo egunetarako aurreikusita dauden euriekin eta Ulibarri Ganboako urtegiaren hustearekin batera Zadorra bezalako ibaiak gainezka egin dezakeela ohartarazi dute.
Kaosa Gasteizen
Gasteizen 10-15 zentimetroko elur geruzarekin esnatu dira, Euskalmeten iragarpenen arabera 2 zentimetroko geruza egin behar bazuen ere. 03:00etatik 250 lagun aritu dira lanean elurrak eragindako arazoak konpontzeko.
Hiriburuan botatako elurrak trafiko arazo ugari sortu ditu hainbat gunetan, eta zaila da oinez mugitzea ere. Autobus linea guztiak martxan zeuden, baina mantso eta atzerapenekin. Leku aldapatsu batzuetara ezin izan dira iritsi. Tranbia zerbitzua eguerdian jarri dute abian berriz.
Argindarrarekin arazoak
Goizean, Gipuzkoako eta Arabako 30.000 etxebizitza argiindarrik gabe geratu badira ere, egoerak hobera egin du azken orduotan, eta 14:30erako Arabako 11.000 etxebizitzatara argindarra itzuli da. 17:00etan, berriz, 5.000 erabiltzaile ziren argindarrik gabe zeudenak. Legutio, Antoñana eta Murgia izan dira arazorik handienak izan dituzten udalerriak.
Arazoak AP-68 autobidean
AP-68 autobidea (Bilbo-Gasteiz) EAEko errepide sare nagusian itxita egon da, eta razo nagusiak Aretako eta Altubeko ordainlekuen artean izan dira, nahiz eta eguerdian azken puntu horretan elurra botatzeari utzi dion. Ingurua kolapsatuta egon da, eta hainbat gidari 3 orduz harrapatuta egon dira errepide horretan.