Gizartea -
Iragarpena
Aita Santuak agenda mantentzea erabaki du eta gaur berragertuko da
Agintaldia amaitu aurretik, bi audientzia publiko egingo ditu Benedikto XVI.ak, horietako bat bihar bertan, eta bigarrena hilaren 27an.
Erredakzioa
Benedikto XVI.a aita santua izango da hilabetea amaitu arte eta agenda bere horretan mantentzea erabaki du. Besteak beste, larunbat honetan Otto Perez Molina Guatemalako presidentea hartuko du, eta datozen egunetan Errumaniako presidentearekin ere batzartuko da, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak iragarri duenez.
Agintaldia amaitu aurretik, bi audientzia publiko egingo ditu Benedikto XVI.ak, horietako bat gaur bertan, eta bigarrena hilaren 27an.
Lombardik azaldu duenez, otsailaren 27ko audientzia San Pedro Plazan egitea erabaki dute, jarraitzaileek aita santuari agur esateko aukera izan dezaten. Egun horretakoa, aita santuaren azkenengo ekitaldi publikoa izango da.
Federico Lombardik jakinarazi duenez, aita santuak taupada-markagailu bat darama eta Arrantzalearen Eraztuna suntsitu egingo dute Benedikto XVI.ak kargua uzten duenean, hots, otsailaren 28an.
"Ez dauka gaixotasun espezifikorik, adierazi du Vatikanoko bozeramaileak. Horren esanetan, taupada-markagailu bat dauka aita santuak eta duela gutxi ebakuntza bat egin zioten pila aldatzeko. "Ebakuntza normala izan zen, errutinakoa", gaineratu du.
Arrantzalearen Eraztunaz galdetuta, otsailaren 28aren ondoren suntsitu egingo dutela iragarri du Lombardik.
Oro har, aita santua hiltzen denean suntsitzen dute eraztuna, baina egoera "berria" da Benedikto XVI.a bizirik dagoelako. Hori dela eta, Vatikanoko adituak araudia ikertzen ari dira zer egin erabakitzeko. Lombardik nabarmendu duenez, petritar ministerioarekin loturiko objektu guztiak suntsitu egin behar dira.
Atzoko iragarpenaren ondoren, Vatikanoan normaltasuna da nagusi, nahiz eta ehunka kazetari eta argazkilari egon.