Gizartea -

Noos auzia

Fiskaltzak ez du lekuko edo inputatu gisa infanta deklaratzera deituko

Epailearen aurrean Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak esan duenez, Cristina infantak erabakiak hartu ohi zituen Noos Institutuaren batzordean, gainerako kideek bezala.

Diego Torres eta emaztea, epaitegira iristean. Argazkia: EFE
Diego Torres eta emaztea, epaitegira iristean. Argazkia: EFE
Torresek baieztatu du Cristina infantak erabakiak hartzen zituela

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak epailearen aurrean deklaratu ostean, Cristina infanta lekuko edo inputatu gisa deklaratzera momentuz ez deitzea erabaki dute Noos auziaren ikertzaileek.

Hala ere, Jose Manuel Romero infanten abokatuaren egoera desberdina da. Izan ere, Torresek hainbatetan aipatu du Romeroren izena epailearen aurrean, eta, horren ondorioz, Torresek eskainitako dokumentazioa ari dira aztertzen ikertzaileak, Romeroren balizko inputazioaren gainean erabakia hartzeko.

Zazpi orduko deklarazioan Torresek esan duenez, Errege Etxeak Noos Institutuaren ekintza guztiak ikuskatzen zituen, eta negozioarekin jarraitu zuten 2006tik aurrera (ustez, urte horretatik Urdangarin Nooseko ekintzetatik at zegoen jada, Juan Carlos erregearen gomendioari so eginda).

Bilera Zarzuelan

Halaber, Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak epailearen aurrean esan duenez, Palmako dukeak eta Torresek berak Valencia Summit kirol-foroa negoziatu zuten Zarzuelako jauregian.

Jose Castro Noos auziaren izapideak abiatu dituen epaileari azaldu dionez, bilera 2004ko martxoan izan zen, errege-egoitzan, eta bertan Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidenteordea eta Rita Barbera Valentziako alkatea izan ziren.

Valencia Summit 2004, 2005 eta 2006ean Valentzian izandako kirolari buruzko topaketa da. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak dioenez, litekeena da ekitaldi hori kudeatzeagatik Urdangarinek eta Torresek justifikatu gabeko diru publikoa jaso izana.

Halaber,  eta Carlos Garcia Revenga idazkariaren ustezko inplikazioari buruz galdetu dio Palmako dukearen bazkide ohiari. Torresek azpimarratu duenez, infantak eta Garcia Revengak zeregin aktiboa zuten Noos Institutuaren batzordean, eta gainerako kideek bezala, erabakiak hartzen zituzten.

Dukearen abokatuak dirua eskaini zion

Deklarazioaren beste momentu batean, Torresek esan du Iñaki Urdangarinen abokatuak dirua eskaini ziola Nóos auziaren inguruan ezer ez esatearen truke.

Are gehiago, fiskalak Urdangarin nolabait presionatzen ari den ala ez galdetu dionean, Torresek esan du egoera alderantziz dela: dukearen abokatua izan dela berari mehatxu egin diona.

Zazpi orduko deklarazioa

Epailearen aurrean 09:50etatik aritu da Diego Torres Noos Institutuko arduraduna. Ondoren, Ana Maria Tejeiro Torresen emaztearen txanda izan da. Diego Torresen deklarazioak zazpi ordu iraun ditu, eta bertan esandakoen arabera, Palmako dukea Noos Institutua zuzentzen jarraitu zuen 2008ko erdia alderarte, hau da, ez zuen kudeaketa utzi 2006an erregearen etxeak eskatuta, nahiz eta Urdangarinek epaileari hori esan.

Torresen adierazi duenez, Jose Manuel Romero Fontaoko dukea eta erregearen etxeko aholulari juridikoak Noos Institutuarekin lotura publikorik ez izateko zer egin behar zuen esaten zion Urdangarini.

Diego Torresek epaileari esan dionez, Nooseko ekintza guztiak legezkoak zirela uste zuen, erregearen etxea jakinaren gainean zegoela ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea