Gizartea -
Sei metrotik jausi da
Larri zauritu da Isaban, plastiko batekin elurretan irristan zebilela
Ospitalera helikopteroz eraman behar izan dute, pelbisa hautsita zuela eta anbulantzian eramateak arazoak zor zitzakeela ikusita. Horrez gain, kolpe ugari ere antzeman dizkiote biktimari.
Erredakzioa
25 urteko gazte bat larri zauritu da sei metrotik gorako altueratik jausita, elurretan plastiko batekin irristan zebilela. Gertaera Ernazeko mendixkan izan da, Frantziako mugatik gertu, Larra-Belagua mendigunean, Isabako udalerrian (Nafarroa).
Foru Gobernuak ohar batean aditzera eman duenez, SOS Navarrako larrialdietako zerbitzuek 13:17an jaso dute istripuaren berri.
Biktima sei metrotik gorako altueratik jausi da, NA-137 Burgi-Isaba-Francia errepidetik hurbil, eta Isabako osasun zentroko medikuak istripuaren lekuan bertan artatu du gaztea.
Pelbisa, hautsita
Hala ere, eta biktimaren egoera ikusita, helikopteroa eskatu dute Nafarroako Ospitalera eramateko, pelbisa hautsita zuelako susmoa izan dute eta horrek anbulantzian joatea ezinezkoa egiten zuen.
Foruzaingoko patruila batek gertatutakoaren izapideen ardura hartu du.