Gizartea -
Gasteizen
Preso batek auto bat lapurtu du, eta ertzain bat harrapatzen saiatu da
Semaforo baten aurka talka egin ostean, Ertzaintzak atxilotu egin du. Dirudienez, presoa alkoholaren eraginpean zegoen, eta agenteei indarkeriaz aurre egin die.
Erredakzioa
Espetxetik irtetzeko baimena zuen preso bat atxilotu dute ostiral honetan Gasteizen, ibilgailu bat lapurtu eta ertzain bat harrapatzen saiatu ostean. Ihesaldian, presoak semaforo baten aurka egin du talka.
Ohar baten bidez Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 22:30ak aldera Ayala Kantzelari kalean Ford Fiesta markako auto bat ari zirela lapurtzen salatu du telefonoz herritar batek. Ertzaintzako patruila bat bertaratu da eta gidariari autoa gelditzeko eskatu dio.
Gidariak muzin egin du eta aurrera egin du ihesaldian, autoarekin ertzain bat ia harrapatuta. Ertzainek Urriak 12 kaleraino jarraitu dute autoa. Bertan, lapurtutako ibilgailuak semaforo baten aurka egin du talka. Gidaria autoa utzi eta Sefarad Plazaraino oinez jarraitu du. Dirudienez, presoa alkoholaren eraginpean zegoen, eta agenteei indarkeriaz aurre egin die.
33 urteko atxilotua Arabako kartzela batean zegoen espetxealdia betetzen, eta hortik irteteko egun batzuetako baimena eman zioten.