Gizartea -
Noos auzia
Diruzaina izan arren, dirua kudeatzen ez zuela dio Garcia Revengak
Infanten idazkariak epaileari azaldu dionez, Noos Institutuaren diruzaina izan arren, ez zituen diru-kontuak kudeatu, ezta administrazioan parte hartu ere.
Erredakzioa
Carlos Garcia Revenga Elena eta Cristina infanten idazkariak epailaren aurrean azaldu duenez, Noos Institutuaren diruzaina izan arren, ez zituen diru-kontuak kudeatzen, eta ez zuen administrazioan parte hartzen. Funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik ari dira Noos ikertzen.
Urdangarinen laguna
Noos Institutuak kudeatutako diruagatik harrituta agertu da Garcia Revenga, horren esanetan, ez zuelako diru horren berri. Halaber, Palmako dukearen laguna izategatik, diruzainaren kargua onartu zuela esan du Garcia Revengak.
Garcia Revengak azaldu duenez, Noos Institutua sortzeko ideia Urdangarin eta Diego Torresena izan zen. "Enpresa munduan egiten zuen lehenengo abentura zelako aholkatu nuen Urdangarin", azaldu du idazkariak, "baina 2006an aholkularitza bertan behera utzi nuen, Urdangarinek behar beste eskarmentua jada zuelako".
Halaber, Garcia Revengak azpimarratu duenez, Noos Institutuaren zuzendaritza-batzordeko kidea zen, baina ez zuen erabakitzeko ahalmenik. Hala ere, infanten idazkariak ez du azaldu zergatik agertzen zen bere sinadura Nooseko zuzendaritza-batzordeko batzar-agirietako batean.
Deklarazio gehiagorik ez
Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak epaileari emandako hainbat posta elektronikoen arabera, Garcia Revengak kudeaketa lanak egiten zituen Noos Institutuan. Horren ondorioz, Garcia Revenga inputatzea erabaki zuen epaileak.
Torresek bere deklarazioan esan zuenez, Revenga Errege-Etxearen aholkularia zen. Gainera, Urdangarinek "emaztearekin hitz egiten omen zituen proposamen guztiak".
Gaurko deklarazioen ostean, bestelako deklaraziorik ez dituela eskatuko esan du Fiskaltzak.