Gizartea -

Eguraldia

Elurra mara-mara bota du eta euskal kostalderaino iritsi da

Gaurko txingorra eta ekaitzak iragarri dituzte, kantaurialdean bereziki. Elur-mailak gora egingo du egunak aurrera egin ahala, 400 metrora iritsi arte.

Alerta laranja jarri dute astebururako elurra dela eta. Argazkia: EiTB
Alerta laranja jarri dute astebururako elurra dela eta.
Elurra mara-mara ari du, euskal hiriburuetan

2:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan gurera etorri den aire-masa hotza dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du larunbat arratsaldetik astelehen gauera arte, itsasoan ere elurra botako duelako eta maila altuxeagoetan elur geruza handiak pilatuko direlako.

Larunbat arratsaldeko 18:00etatik aurrera abisu horia  alerta laranja bihurtuko da euskal lurraldean. Balio hauekin, elurra nonahi bota dezake eta elur malutak itsasertzeraino iritsiko dira. Dena den, hotza azpimarratu behar da batez ere, prezipitazioak urriak izango baitira; arratsalde partean, trumoi-ekaitza eta txingorra bota ditzake.

Igandean, alerta laranja egun osoan egongo da indarrean, elur kota 0 eta 300 metro bitartean espero baita.

Hainbat mendate itxita

Bigarren mailako errepide batzuk jada itxita daude elurra dela eta, eta Ertzaintzak arretaz gidatzeko gomendatu du dagoeneko arazoak hasi baitira hainbat zonatan.

Egun hauetako denboraleak elurra utzi digu goizeko lehen ordutik eta bigarren mailako errepideetan nabaritu da, batik bat Arabako errepideetan.

Era honetan, Segurtasun Sailak Herrera, Bernedo, Zaldiaran, Urto eta Belagua mendateak erabat itxita daudela eta Urduñan, Bidanian eta Aralarren kotxeek kateak behar dituztela jakinarazi du. Kamioiek ezin dute bertatik igaro, ezta Opakua, Gasteiz eta Zaldiarango mendateetatik ere.

Beste alde batetik, errepide sare nagusian ez dago arazo larririk, Altuben, AP-68an izan ezin, elurraren ondorioz autoak arazoak izaten ari baitira.

Giroa, hozten

Euskalmeten arabera, egunak aurrera egin ahala, giroa hozten joango da eta tenperatura asko jaitsiko da, gauerako termometroak izotz puntura jaitsi daitezke hainbat zonaldetan. Tenperaturaren jaitsiera honekin, elurra gero eta beherago agertuko da eta gauerako 300-400 metro ingurura jaitsiko da, dena den ordurako atertuz ere joango da.

Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek operatibo bereziak jarri dituzte indarrean. Eitb.com-eko webkameretan hirien zuzeneko egoera ikus daiteke.

Larunbateko 15:00etatik aurrera aurreikusita zeuden eskola kiroletako jarduera guztiak bertan behera utzi ditu Arabako Foru Aldundiak. Bizkaiko Aldundiak ere bertan behera utzi ditu 18:00etatik aurrerakoak.

Alerta, astelehenera arte

Segurtasun Sailak datorren astelehenera arte luzatu du larunbat honetan aktibatu den alerta naranja. Astelehen goizean elur-kota 100 eta 200 metrotan kokatu daiteke, eta arratsalde parterako 300-400 metrotara igoko da.

Aste hasieran, 1000 metrotan espero den elur lodiera 10 eta 40 zentimetro bitartekoa izango da, 600 metrotan 10 eta 40 artekoa, eta 200 metrotan 5 eta 15 zentimetro artekoa.

Zero azpiko tenperaturak

Larunbat goizean zero azpiko tenperaturarekin itxartu dira herri gehienak. Iruñean, adibidez, -3 graduko tenperatura izan dute goizean goiz, Gasteizen, berriz, -1, Donostian 0, eta Bilbon 3.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea