Gizartea -
Herritarren Marea
45 lagun atxilotu dituzte, horietako 9 adingabeak, Madrilgo istiluetan
Halaber, 40 lagun zauritu ziren "Herritarren Marearen" ostean gertaturiko istiluetan, horietako 28 manifestariak ziren eta 12 poliziak.
Erredakzioa
"Herritarren Marearen" manifestazioaren ostean gertaturiko istiluetan 45 lagun atxilotu zituen Polizia Nazionalak Madrilen, horietako bederatzi adingabekoak. Gainera, 40 lagun (horietako 12 polizia) artatu behar izan zituzten zauri arinengatik.
Poliziak adierazitakoaren arabera, atxiloketak mobilizazioaren ostean egon ziren liskarrengatik egin ziren, eta atxilotutako guztiak polizia-etxeetan daude. Adingabekoak Polizia Nazionalaren Adingabekoen Taldeen menpe daude. Ildo honetan, atxilotutakoak aske uzteko elkarretaratzeak deitu dituzte sare sozialetan.
Delicias kalean, Lavapies zonaldean, edukiontziak erre zituzten, eta Atochako biribilgune inguruan, taberna bateko terrazako aulkiak eta mahaiak bota zituzten.
Bestalde, hainbat herritarrek Poliziari ohartarazi ziotenaren arabera, gazte batzuek motxila bat utzi zuten kalean. Bertan, agenteek lau molotov koktel aurkitu zituzten.
Madrileko Larrialdi Zerbitzuek jakitera eman duenez, 40 lagun artatu behar izan zituzten zauri arinengatik, horietako 28 manifestariak eta 12 poliziak.
Milaka manifestari
Larunbat arratsaldean Herritarren Marea izeneko taldeak "Estatuko finantza kolpea" salatzeko antolatutako lau manifestazioak Madrilgo kaleetan zehar egin zuten bat. Mariano Rajoy eta bere Gobernuaren aurka egindako manifestazioa 18:00ean bukatu zen, "posible da" oihuen artean.
Milaka pertsonen babesean, Puerta del Sol, Colon, Glorieta de Embajadores eta Vallecaseko Zubitik abiatu ziren lau zutabeak eta 20:00ak bitartean Canovas del Castillo enparantzara iritsi ziren, Kongresuaren inguruetan.
Lau zutabe horiek kontrolatzeko asmoz, Poliziak 1.400 agente erabili zituen Espainiako hiriburuan.
Manifestazioak EAEko hiriburuetan
Bilbon, martxa Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen eta PPko, PSE-EEko eta EAJko egoitzen aurretik pasatu zen. Horietan, alderdi horien politiken aurka protesta egin zuten.
Gasteizen, 200 lagun inguru elurpean manifestatu ziren, eta Donostian ere, elurra gogotik botatzen ari zuen arren, ehunka lagun bildu ziren.
300 elkartetik gora
Herritarren Marea osasun langileen marea zuriak, hezkuntzakoen marea berdeak eta meatzarien marea beltzak osatzen dute, beste 300 erakunderekin batera: M-15, Greenpeace, EB, ICV, EQUO eta Chunta Aragonesista (CHA), besteak beste.