Gizartea -

Elurra eta izotza

Txoko gehienak zuritu dituen denboraleak gurean jarraituko du oraindik

Elurrak eta izotzak arazoak eragin dituzte errepideetan, bereziki goizean goiz, baina zirkulazioaren egoerak hobera egin du eguerdian. Alerta laranja bihar arte egongo da indarrean.

Elurrak Euskal Herria zuritu du

5:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatetik gainean dugun hotz eta elur denboraleak Euskal Herriko txoko asko zuritu ditu astelehen honetan, eta hala jarraituko du asteartean ere.

Gaur elurra bota du hiriburuetan, bereziki Gasteizen (15 zentimetroko lodiera ere hartu du elurrak Arabako hiriburuan), baina izotzak eta elurrak errepideetan eragin dituzte arazorik handienak. Hala, egunaren lehen orduetan hainbat zirkulazio istripu izan dira, eta eguerdirako egoerak hobera egin du.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja indarrean mantendu du egun osoan zehar, eta hala jarraituko du astearte eguerdira arte, 15:00ak arte. Ordu horretatik aurrera, abisu horia ezarriko dute, elur-maila 500 metrora igoko baita.

Hala, astearte goizean egoerak ez du hobera egingo. Hotz handiarekin jarraituko dugu, prezipitazioa denean egingo du eta elurra nahikoa maila baxutan, lehen orduotan. Zaparradak sarri botako ditu, bereziki kantauri isurialdean, eta trumoi-ekaitza eta kazkabarra izateko arriskua handia izango da. Elur-maila 200-300 metrora egongo da goizaldean, eta egunaren bigarren partean 500-600 metrora igoko da. Termometroak apur bat igoko dira, 5-6 ºC-ra barnealdean eta 7-8 ºC-ra kostaldean.

Asteazkenean, 500-700 metrora zurituko du goizean goiz, baina egunak aurrera egin ahala, prezipitazioa egiteko arriskua desagertzen joango da, eta arratsaldean, toki gehienetan, ateri eutsiko dio. Beraz, termometroak ez dira aurreko egunean izandako balioetatik gehiegi urrunduko eta, ondorioz, goizaldean izotza egingo du eta egunez giroa oso hotza izango da.

Ostegunetik aurrera, prezipitazioak gutxitu egingo dira eta igo egingo da tenperatura. Hori horrela, elur-kota ere igo egingo da, Euskalmetek iragarri duenez.

Nafarroan ere izotzak eta elurrak jarraitu egingo dute datozen orduotan. Aemet Estatuko Meteorologia Agentziaren aurreikuspenaren arabera, edozein mailatan bota dezake elurra, baina egunak aurrera egin ahala mailak gora egingo du, eta 300-400 metrora igo liteke.

Mendateak

EAEko lehen mailako errepide sarea egunean zehar zabalik egon den arren, hainbat mendate itxita egon dira, elurragatik, eta Ertzaintzak arreta handiz gidatzeko deia egin die gidariei.

20:30ean, Urduña, Herrera eta Altubeko mendateak ibilgailu guztientzat itxita zeuden, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaritzak emandako datuen arabera. Bestalde, Leitzarango autobia (A-15) itxita dago bi noranzkoetanm 113 eta 139 kilometroen artean, elurragatik. N-121 errepidea, aldiz, irekita dago.

Beste hainbat mendate berriz, kamioentzat zeuden itxita: Arrate, Elgeta, Erlaitz, Arlaban eta Urraki, Gipuzkoan; Astoreka eta Bizkaiko Begiratokia, Bizkaian; eta Opakua eta Bernedo, Araban. Horietan guztietan autoek kateak behar zituzten, eta arretaz gidatzeko gomendioa egin dute bigarren mailako errepide sareko beste mendateetan, indarrean dagoen alerta laranja dela-eta.

Nafarroan, lehen mailako errepide sarea zabalik dago, baina arazoak daude bigarren mailako errepide sareko hiru mendatetan: Belaguan, Meanon eta Aralarko San Migelen. Horietatik Belagua bakarrik dago itxita.

Istripu ugari goizean zehar

Goizean goiz, hainbat istripu gertatu dira Euskadiko errepideetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, A-8 autobidean istripua izan dute hainbat autok, Itziarko tunelaren irteeran, Bilboko noranzkoan, eta auto-ilara luzeak sortu dira; izan ere, bi noranzkoetan itxi behar izan dute errepidea, eta bidea erabat ireki badute ere, zirkulazioa oso mantsoa izan da, elurragatik eta izotzagatik.

N-636 errepidean, Kanpanzar mendatea itxita egon da goizean zenbait orduz, zuhaitz bat kamioi baten gainera erori ostean.

AP-68an, Zanbranan (Araba), turismo bat irauli egin da eta arazoak sortu ditu Gasteizko noranzkoan, errei bat itxi behar izan baitute.

Errepide horretan bertan, Bilbo eta Arrigorriaga artean, auto bat errepidetik irten da eta errei bat itxi dute Arabako hiribururantz.

Gainera, N-1eko zirkulazioa oso mantsoa izan da Etxegaraten, eta Sollube itxi egin dute, elurragatik.

Elurra, hiriburuetan

Donostian, elur geruza fin bat besterik ez da pilatu, hiriko puntu altuenetan bakarrik.

Gasteizen, berriz, elurra etengabe erori da, atzotik. Hala ere, duela bi aste gertatu zenaren kontra, gaurkoan ez da aparteko arazorik sortu garraio publikoan, 300 pertsona ari baitira lanean gatza botatzen eta bidea garbitzen atzo gauetik.

Bilbo ere zurituta esnatu da eta hirigunean elur geruza fin bat pilatu da. Ondorioz, elurra kentzeko makinak martxan jarri behar izan dituzte.

Iruñean ere elurra egin du berriro, baina ibilgailuen eta herritarren joan-etorriak normaltasunez egin dira, Jesus Bariain Udaltzaingoaren bozeramaileak azaldu duenez.

EAEko ikastetxe guztiak zabalik egon dira gaur, baina zenbait ikaslek ez dute ikastetxeetara joaterik izan, eguraldi kaxkarra dela-eta.

Nafarroan, berriz, eskola garraioak arazoak izan ditu hiru udalerritara iristeko.

 

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eta errepideen egoera, eta bidali argazkiak eitb.com-era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea