Gizartea -
Arrantza
Europar Batasunak arrantza-bazterkinak debekatu ditu
Hori horrela, arrantzaleek harrapatutako arrain guztiak eraman beharko dituzte portura, eta ezingo dituzte itsasora bota gehiegizko harrapaketak edo kotarik ez duten espezieak.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Arrantza ministroek arrantza-bazterkinak debekatzeko akordioa lotu dute bart, hainbat orduz negoziatu ostean. Izan ere, neurri hori aurreikusten du Arrantza Politika Komunaren erreformak, eta egutegi bat ezarri da neurria ezartzeko.
Hogei ordu egin dituzte negoziatzen akordioa erdiesteko. Helburua arrantza iraunkorra izan dadila da, itsasoa muskildu gabe. Goizeko bostetan eraman du Irlandako presidentziak 27 Arrantza ministroen Kontseilura, Europako Arrantza Politika bateratua aldatzeko proposamena.
Oinarrian bat datoz 27ak: pentsatu gabeko arraina harrapatu eta gero itsasora botatzea, arrain pila hilda, horrelakorik ez dagoela egiterik, arrantzak irautea nahi baldin bada. Akordioa egiteko, ordea, desadostasunak egon dira egutegian batetik, noiz hasi arrain-bazterketa debekatzen; eta gehienez zenbat arrain bota daitekeen itsasora, bestetik.
Akordioaren arabera, sare pelagikoen bidez harrapatzen dituzten arrainik ez da baztertzerik izango datorren urtetik aurrera; itsaso Baltikoan aritzen direnek, 2015etik aurrera izango dute debekatua arraina botatzea; ipar-mendebaldeko eta hego-ekialdeko kaletan eta Ipar Itsasoan ibiltzen diren ontziek, 2016tik aurrera, eta Mediterraneokoek, 2017tik aurrera.
Gehienez zenbat arrain bota daitekeen, berriz, aurreneko 2 urteetan %9 onartuko da baztertzea; hirugarren urtetik aurrera, %8 eta 5.urtetik aurrera, %7 baztertu ahal izango da gehienez.
Denak bat etorri dira horretan, Suedia salbu.