Gizartea -
Udalak onartutako debekua
Gorenak atzera bota du Lleidan onartutako burkaren debekua
Tribunalaren arabera,ez da nahikoa burkak herritarren lasaitasuna, segurtasuna eta ordena publikoa urratzen duela, eta emakumearen berdintasuna babestea beharrezkoa dela esatea.
Erredakzioa
Lleidako Udalak 2010eko urrian burka janztea debekatu zuen eta debeku hori atzera botatzea erabaki du orain Auzitegi Gorenak, udalak emakumeen erlijio-askatasuna mugatu egin duela argudiatuta.
Ostegun honetan ateratako epaiaren arabera, oinarrizko eskubide baten murrizketa lege baten bidez bakarrik erabaki daiteke. Halaber, auzitegiaren iritziz, ez da nahikoa burkak herritarren lasaitasuna, segurtasuna eta ordena publikoa urratzen duela, eta emakumearen berdintasuna babestea beharrezkoa dela esatea.
Epaiak ez du legegileek gaia arautzeko duten aukera ezbaian jartzen, izan ere, idatzian azpimarratzen denez, Senatuak burkaren debekua esparru publikoetan arautzeko deia egin zion Gobernuari 2010eko ekainean, baina Exektiboak ez du ezer ere egin.
Horrez gain, Europako Kontseiluak 2010eko ekainean esandakoa ere gogora ekarri du auzitegiak. Orduan, Kontseiluak burkaren erabilera ez debekatzeko gomendioa egin zien Europar Batasuneko Gobernuei. Era berean, debekuak "ondorio gaiztoa" izan dezakeela ere aipatzen du epaiak, ustez babestu nahi den emakumea esparru publikoaren parte izatea oztopatu daitekeelako.