Gizartea -

Abisua

Adinekoengana jotzen duen lapur talde batez ohartarazi du Ertzaintzak

Biktima sinadura ematen ari denean, delitugileek unea aprobetxatzen dute dirua eta bitxiak lapurtzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oharkabe unetan lapurretak egiten dituen lapur talde bat gure autonomia erkidegoan ari delako eman du abisua Ertzaintzak. Biktimak gehienetan adineko pertsonak izaten dira; lapurrek ustezko elkarte edo ongintzako arrazoi baterako babesa edo kolaborazioa eskatzeko jotzen dute haiengana, eta oharkabe une bat aprobetxatzen dute dirua edo bitxiak lapurtzeko.

Azken hilabeteetan zenbait salaketa aurkeztu dira oharkabean dirua adinekoei lapurtzeagatik. Kasu guztietan lapurtzeko antzeko modua erabili da: biktima despistatua zegoenean elkarte edo ongintzako arrazoi jakin baten aldeko sinadura ematen (gehienetan faltsuak), delitugileek unea aprobetxatzen zuten hari dirua lapurtzeko. Bilboz gain, horrelako delituak Basaurin, Nerbioi itsasadarraren eskuinaldean eta Busturialde inguruan ere gertatu dira.

Delitugileak Europa ekialdetik iritsitako emakumeak izan ohi dira, eta banku sukurtsalen, elizen edo jubilatuen etxe inguruetan jarduten dira. Elkartasun erakundeen aldeko babesa eskatzeko hasten dira biktimekin hitz egiten, gor-mutuen alde egiteko, Alzheimerraren kontra borrokatzeko, etab. Ondoren, itxurak egiten dituzte, biktimaren NANeko datuak erkatuko balituzte bezala, eta oharkabean, biktimari dirua zorrotik lapurtzeko aprobetxatzen dute. Are gehiago, kasu batean biktimaren eskua musukatu ere egin zuten, eskumuturreko bat lapurtzeko.

Kutxazain automatikoak

Beste batzuetan, delitugileak kutxazain automatiko baten inguruetan jarri ohi dira, biktima zelatatzeko eragiketa bat egiten duen bitartean eta gako sekretua ikusten saiatzeko. Ondoren, edozein aitzakiarekin harengana jotzen dute eta distraitu egiten dute txartela lapurtzeko; gero, kontu horretatik dirua ateratzen dute.

Horrelako delituak prebenitzeko, Ertzaintzak zenbait gomendio eman ditu, tartean honako hauek: pertsona ezezagunei inoiz ez zaizkie diru zorroa edo agiriak erakutsi behar; laguntza eskatzen digutenean susmagarria iruditzen bazaigu, bereziki kalean, adi egotea; eta kutxazainetan dirua ateratzekoan beti kontu handiz ibiltzea eta gure gakoa besteek ez ikusteko moduan idaztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea