Gizartea -

Aurrerakuntza medikoa

Odolean proteinak antzematen dituen biosentsorea sortu dute

Sentsoreak odolean handitze hormonak edota birusak aurkitzeko garatu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaengo Unibertsitateko (UJA) Immunogenetika taldeko ikertzaileek urrezko xafla batean oinarritutako biosentsore bat sortu dute, antigorputzak modu ordenatu batean antzemateko. Tharsis Biomed enpresak eta Bartzelonako Nanozientzia eta Nanoteknologiako Ikerketa Zentroko Nanobiosentsore taldeak (CSIC) ere parte hartu dute ikerketa horretan.

Antigorputzak organismoa inbaditzen duten sustantzia arraroak eta mikroorganismoak antzemateko molekulak dira. Hala, besteak beste birusak edota hormonak aurkitzeko ahalmen horretan oinarritu dira ikerlariak, Descubre Fundazioak jakinarazi duenez.

"Konparazio bat egingo bagenu, gure sentsorea belkro molekularra izango litzateke: alde bat urrezko xaflara itsatsi egiten da, eta besteak antigorputzak harrapatzen ditu modu ordenatu batean", azaldu du Antonio Caruz UJAko ikerlariak. Hala, gailu horren berrikuntzetako bat antigorputzak antzemateko modu hori da. Molekulak gora begira jartzen dira, norabide berean, eta horrela handitu egiten da sentsorearen sentsibilitatea eta prezisioa. "Molekulak etzanda edo norabide ezberdinetara begira agertzen badira, eraginkortasuna murriztu egingo litzateke", zehaztu du.

Sentsorea odolean handitze hormona edota birusak aurkitzeko garatu dute. Horiek antzematen dituenean, sentsorearen argiaren patroia aldatzen da, proteina bat edo birus bat antzeman duen seinale. Hala, prozesua segundo bakar batzuetan gauzatzen da.

Bizkortasun hori da biosentsorearen abantailetako bat. Izan ere, orain arte ohikoak izan diren Elisa testen prozesuetan orduak behar ziren analisi hori egiteko. "Horietan, seruma bota, erreakzionatu arte itxaron, garbitu, errebelatu eta emaitzak irakurri behar ziren. Gure metodoarekin hori guztia bat-batean egiten da. Konparazio fotografikoa egingo bagenu, Elisa argazki analogikoaren errebelatzea izango litzateke, eta gurea argazki kamera digitala", esan du adituak.

Antzemate prozesua

Antzemate prozesua egiteko, urrezko txipean antigorputzaren proteina sartu behar da xiringa batez. Ondoren, lagin biologikoa aplikatzen zaio eta irakurgailuak bilatu nahi dena antzemango du. "Urreari itsasteko ahalmena duten proteinak erabiltzeak eraginkortasuna handitzen du. Gainera, metal honek ez du higadurarik jasaten, eta, ondorioz, behin eta berriro erabiltzeko aukera eskaintzen du, eta kostuak murriztekoa", azpimarratu du.

Adituen arabera, gailu hori analisi klinikoetan, odolean aurkitu daitezkeen hormona eta proteina azterketetan, infekzioak aurkitzeko, edota botika-industriaren kalitate kontroletan erabil daiteke. "Etorkizunean berrikuntza hau merkaturatzea pentsatu dugu, aplikazio biomedikoetan oso erabilgarria izan daitekeelako", adierazi du Caruzek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea