Gizartea -
Iruzurra
Apaiz faltsu bat atxilotu dute, komentuei mojak eskaintzea egotzita
13.000 euroko iruzurra egin zion Gipuzkoako ordena erlijioso bati. Honduraseko lau emakume sartu ziren komentuan, baina egun gutxira atera egin ziren, moja bizitzarako prest ez zeudela argudiatuta.
Erredakzioa
Gizon bat atxilotu dute Gipuzkoako ordena erlijioso bati 13.000 euroko iruzurra egitea egotzita. Antza denez, apaiz plantak egiten zituen eta diruaren truke mojak eskaintzen zizkien komentuei.
Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, 2008an hasi zen Polizia kasua ikertzen, eta atzo atxilotu zuten gizona. Honduraseko mojak komentuan sartzen ziren, eta egun gutxira, atera egiten ziren moja bizitzarako prest ez zeudela argudiatuta.
Franklin Jeovany T.T ustezko apaizaren bitartez heltzen ziren mojak Gipuzkoara. Aurrez, komentuetako buruek dirua ordaintzen zioten, gastuei aurre egiteko.
Poliziak horren atzean iruzurra zegoela atzeman zuen, eta azkenean atzo atxilotu zuten gizona.
Donostiako 1. zenbakiko epaitegiaren esku utzi dute atxilotua, iruzur egitea, legez kanpoko immigrazioaren alde egitea, usurpatzea eta atzerritarrei buruzko legea haustea egotzita.