Gizartea -
Ezbeharra
Kamioi batek su hartu eta A-68 autobia ia ordubete itxi du Cortesen
Ezbeharra 16:44 aldera jazo da autobiako 111. kilometroan, Tuterako noranzkoan. Antza denez, kobrez kargatutako kamioiak matxura izan du.
Erredakzioa
Ebroko Autobiaren (A-68) bi noranzkoak itxi behar izan dituzte Cortesen (Nafarroa). Kamioi batek su hartu du, baina ez da zauriturik izan, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Ezbeharra 16:44 aldera jazo da autobiako 111. kilometroan, Tuterako noranzkoan. Antza denez, kobrez kargatutako kamioiak matxura izan du.
Kamioilariak autobiatik at utzi du ibilgailua, eta larrialdi zerbitzuei abisua eman die. Tuterako suhitzaileak, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta errepideak zaintzeko Nafarroako Gobernuko zerbitzua bertaratu dira.
Keak autobiako bi noranzkoetan zirkulazioa etetera behartu du. Hala ere, dagoeneko zirkulazioa partzialki zabaldu dute, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Eskuineko erreiak Logroñoko noranzkoan itxita jarraitzen du, 111,8 kilometrotik 112,2 kilometrora. Autobia ia ordubete guztiz itxita egon da suak eragindako kea dela-eta.