Gizartea -

Ekitaldi ugari

Emakumeen Nazioarteko Egunak kaleak more kolorez jantziko ditu

Ekitaldi gehienak erakundeen aurrean egingo dituzten elkarretaratzeak izango dira. Berdintasuna eta emakumeek gizartean duten papera aldarrikatzeko sindikatuak kalera aterako dira.

Azken Lilatonaren irudia. Argazkia: EiTB
Azken Lilatonaren irudia. Argazkia: EiTB
Azken Lilatonaren irudia. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarte feministek, sindikatuek eta erakundeek dozenaka ekitaldi antolatu dituzte ostiral honetarako. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko kaleak hartuko dituzte.

Ekitaldi gehienak erakundeen aurrean egingo dituzten elkarretaratzeak izango dira. Horrela, Eusko Legebiltzarraren aurrean 'Euskal Herriko Emakumeen Munduko Martxako' kideek protesta egingo dute "Lana soberan dugu, enplegu duinak falta zaizkigu" lelopean.

Kolektibo horrek Gasteizko Ganbera aukeratu du emakumeen lan baldintzak salatzeko. Legebiltzarkideek langabeziaren aukako neurriak eztabaidatu behar dituzte ostiral honetan, osoko bilkura monografiko batean.

Aurten Eusko Legebiltzarrak ez du adierazpen instituzionalik irakurriko; izan ere, EH Bilduk Emakunderen testua nahikoa ez dela uste du, eta "hitzetatik gertakarietara pasatzea" eskatu du.

Hala ere, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Emakundeko adierazpena irakurtzeko erabakia har dezake.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek aldarrikapenak bakoitzak bere aldetik egingo dituzte, baina guztiek berdintasuna eskatuko dute kaleetan.

Sindikatuek manifestaldiak Bilbon egingo dituzte. Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak, ordea, Legebiltzarreko protestarekin bat egingo du Gasteizen.

Arratsaldean, elkarte feministek manifestaldiak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan eta emakumeentzako lan duina aldarrikatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea