Gizartea -
Gertaera
Droga-trafikoaren nazioarteko sare bat desegin dute Bilbon
Bi pertsona atxilotu eta purutasun handiko hamahika kilo heroina atzeman dituzte operazioan.
Erredakzioa
Ertzaintzak heroina-trafikora zuzendutako nazioarteko sare bat desegin du, Irala auzoko merkataritza lokal batean, Bilbon. Bi pertsona atxilotu eta purutasun handiko hamahika kilo heroina atzeman dituzte operazioan.
Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez, Ertzaintzako UIGCko agenteek gauzatu dute operazioa, eta duela hilabete batzuk jarri zuten martxan.
Iralako merkataritza lokal batean mugimendu susmagarriak antzeman ostean hasi zuten operazioa. Droga trafikoarekin edo horren kontsumoarekin ustezko harremana zuten pertsona ezagun asko ibiltzen ziren gune hartan.
Ikertzaileek lokaleko jabeak etengabe kanpoaldea zaintzen zuela ikusi zuten, dendara sartzean eta handik irtetean kontu handia izaten zuen eta hura zelatatzea ekiditeko maniobrak egiten zituen.
Halaber, jabea emakume batekin asko ikusten zela egiaztatu zuten, segurtasun-neurri handiekin, eta telefono bidez hitz egiten zuen, nahiz eta harengandik metro gutxira egon.
Geroago, eta Iralako lokala erregistratu ostean, Ertzaintzak 13.000 euro esku-dirutan, ordenagailuak eta dokumentazioa atzeman zituen.