Gizartea -
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Emakumeak Indian, gizartearen zutabe baztertuak
Gizartearen % 48 dira, baina Indian emakume jaiotzea zama da oraindik ere familiarentzat, askoren ikuspuntutik. Azken hiru hamarkadetan, fetu femeninoen 12 milioi abortu selektibo egin dituzte.
A. A.
Joan den abenduan, New Delhin 23 urteko emakumezko ikasle bat bortxatu eta hil zuten. Gertakariak protestak eta emakumearen egoerari buruz inoiz izan ez den moduko eztabaida eragin ditu Asiako herrialdean. Ordutik, 29 urteko beste emakume bati ere sexu erasoa egin diote, 4 eta 7 urteko bi ume bortxatu dituzte eta 6, 9 eta 11 urteko hiru ahizpa bortxatu eta hil dituzte. Halere, hedabideetan horietara iritsi diren kasuen berri baino ez dute eman.
Gobernuaren aurkako manifestazioak izan dira aste askotan Indiako hiriburuan, eta agintariak emakumeek herrialde horretan bizi duten egoera hobetzeko neurriak hartzera behartu dituzte. Prozesu luzea beharko da, baina, legeak eta, batez ere, gizartea moldatzeko, horrenbeste urteko diskriminazioa desager dadin.
Indian, herritarren % 48 emakumeak izan arren, emakume izatea familiarentzat zama dela uste dute oraindik bertan. Semeak familia iraunarazten du, jabetza oinordetzan hartzen du eta gurasoak zaintzen ditu zahartzaroan. Emakumeen kasuan, berriz, gurasoek ezkonsari handia ordaindu behar diote senargaiaren familiari.
Azken hiru hamarkadetan, fetu femeninoen 12 milioi abortu selektibo egin dituzte, urtean 600.000. Abortu horien erdia (5 milioi inguru), azken hamar urteetan egin dira, fetuaren sexua jakiteko teknikak hobetu direnean.
Otsailaren bukaeran, hain zuzen ere, gutxienez zortzi pertsona atxilotu dituzte India iparraldean haurdun zeuden emakumeei fetuaren sexua esateagatik eta neska zen kasuetan abortu selektiboa egiteagatik.
Estatuaren aurrekontu orokorraren aurkezpenean, emakumeek herrialdean duten egoera hobetzeko funtsa sortuko zuela iragarri zuen Indiako Gobernuak. Gainera, emakumeek finantzen arloan tokia izatea bultzatzeko, banku bat sortuko dutela ere esan zuten agintariek.
Horiek bete bitartean, Vicente Ferrer Fundazioak, besteak beste, emakumeek eskubideak berreskuratzeko eta gizartean gehiago parte hartzeko proiektuak jarri ditu martxan.
"Indian emakumeak familiaren ekonomiaren zutabe nagusia dira. Gizarte eta ekonomia mailan, baina, bazterketa handia pairatzen jarraitzen dute eta horien oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratzen dira egunero, jaiotzen direnetik hiltzen direnera arte", Fundazioaren esanetan.
Sortu eta aurreztu
Lan hori babesteko, Vicente Ferrer Fundazioak "De Mujer a Mujer" programa jarri zuen martxan duela hamar urte, "lankidetzarako zubiak egiteko Espainia eta India artean". Horrela, ekimen horretan parte hartzen duten emakumeen konpromisoari esker, Anantapurreko kideak gai dira proiektu ekintzaileak martxan jartzeko eta autonomia ekonomikoa eta etorkizun bat bermatuko dizkieten aurrezkiak kudeatzeko.
Orain, gainera, Fundazioak beste pauso bat eman nahi du eta "De Mujer a Mujer. Sociedad Cooperactiva" sortu. "Elkarte iraultzailea izango da, eta Espainiako eta Indiako emakume batzuek osatuko dute. Lehenengoek kapitala jarriko dute, bigarrenek, euren lanari eta esfortzuari esker, negozio txikiak bultza ditzaten, euren biziraupena, eta euren familiena, bermatze aldera. Parte-hartzaileak bazkideak izango dira (neurri berean), oinarri-oinarrian ekonomia jasangarria eta elkartasuna izango dituen elkarte berrian"; horien hitzetan.
Programan parte hartu nahi duenak hilean bederatzi euro eman beharko ditu. "Diru horren % 60 Indiako emakume bakoitzaren izenean kontu bat irekitzeko erabiltzen da. Epe finkorako kontu hori interesak ematen joango da, eta, zazpi urteren ostean, emakumeak kapital txiki horren jabe bihurtuko dira. Gainerako % 40a emakumeek gizartean izan behar duten parte-hartze aktiboa sustatzeko erabiltzen du Fundazioak", bertatik azaldutakoaren arabera.
Besteak beste, Maribel Verdu aktorea, Ana Pastor kazetaria eta Teresa Perales kirolari paralinpikoa dira kanpaina honen aurpegi ezagunak. "Enpatia da gakoa, ziur asko mundua alda dezakeen ideologia bakarra", esan du Pastorrek.