Gizartea -
Berdintasuna
Langabeziak eta krisiak Emakumeen Nazioarteko Eguna markatu dute
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute erakundeek, alderdiek, sindikatuek eta mugimendu sozialek.
Erredakzioa
Krisiak eta langabeziak emakumeengan duten eragina eta oraindik pairatzen dituzten ezberdintasunak salatu dituzte gaur erakundeek, alderdiek, sindikatuek eta mugimendu sozialek.
Horrela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute guztiek, nahiz eta orain arte lortutakoa goraipatu.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko adierazpen publikoak egin dituzte gaur Euskal Herriko hainbat erakundek. Indarkerian, lan baldintzen ezberdintasunean eta erantzukizuneko karguetan duten protagonismo eskasean arreta jarri dute erakundeek.
Eusko Legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria Ganberako presidenteak adierazpen ez instituzionala irakurri du; izan ere, EH Bilduk ez du adierazpena sinatu. "Hitzetatik gertakarietara pasatzeko" unea dela argudiatu du koalizio abertzaleak, berdintasun politikak "ekintza politikoaren erdigunean kokatzeko".
Tejeriak irakurritako testuak berdintasuna aldarrikatu du. Orain emandako aurrerapausoak goraipatu ditu testuak, emakumeek Gasteizko Ganberan gaur duten ordezkaritza, esaterako. Baina egiteke dagoen bidea luzea dela onartu du.
Bestalde, gizarte politiketan emakumeei lehentasuna emateko eskatu die Iñigo Lamarca Arartekoak euskal erakundeei; izan ere, krisiak emakumeei kalte handia egin die eta "emakumeen pobrezia" areagotu egin da.
Eusko Legebiltzarraren aurrean, dozenaka manifestarik, gehienak emakumeak, Euskal Herriko Emakumeen Munduko Martxaren deialdia babestu eta elkarretaratzea egin dute krisiaren aurka protesta egiteko. Sistemaren krisiak emakumeei kalte handia egin diela salatu dute.
Bizkaian, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte goizean, eta Aldundiak eta hainbat udalek adierazpen instituzionalak irakurri dituzte emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeen Foro bat antolatu du. Pilar Ardanza, Miren Josune Ariztondo, Itziar Garamendi eta Irene Pardo diputatuek parte hartu dute, "emakumeek kulturan duten parte-hartzea goraipatzeko".
Zentzu horretan, Bilboko Udalak emakumeen parte-hartze politikoa aldarrikatu du, berdintasunean oinarritutako demokrazia parte-hartzaileago bat eraikitzeko.
Donostiako Udalak adierazpen instituzionala irakurri du gaur, udaletxearen aurrean, eta emakumeen parte-hartze politikoa areagotzeko konpromisoa hartu du.