Gizartea -
Arazo ugari
Elur denboraleak Europa erdia gelditu du
Alemania, Belgika, Holanda, Luxenburgo, Erresuma Batua eta Frantziako ipar-mendebaldean arazo asko sortu ditu denboraleak. Parisen 500 hegaldi bertan behera geratu dira.
Erredakzioa
Elur denborale indartsu bat Europako iparraldea gogor astintzen ari da gaur. Alemanian, Frankfurteko aireportua aldi baterako itxi behar izan dute. Beste aireportu batzuetan hegaldiak bertan behera geratu eta atzerapenak izan dira. Errepideetan kaosa nagusitu da.
Alemania, Belgika, Holanda, Luxenburgo, Erresuma Batua eta Frantziako ipar-mendebaldean arazo asko sortu ditu denboraleak.
Frankfurteko aireportua aldi baterako itxi behar izan dute; izan ere, elurrak pistak erabat estali ditu eta elurra kentzeko makinak ez dira garbitzeko kapaz izan.
Belgikako, Holandako eta Luxenburgoko (Benelux) errepideetan zirkulazioa eten du elurteak. Trenbideetan arazoak izan dituzte. Brusela eta Frantzia lotzen dituzten trenek atzerapenak izan dituzte. Era berean, herrialde horietako aireportu nagusietan atzerapenak eta hegaldiak bertan behera geratu dira.
Bruselako aireportuan, hegaldiek atzerapenak dituzte elurra kentzeko makinek pistak garbitzeko lanak izan dituztelako, eta hegazkinei izotza kendu behar dietelako.
Luxenburgon, elurrak hainbat arazo sortu ditu garraio sarean. Madril, Paris, Milan eta Vienako hegaldien irteera edo lur hartzea galarazi du denboraleak.
Hotzak eta elurrak ehunka gidari harrapatu zituen bart Erresuma Batuko errepideetan. Zeroz azpiko tenperaturek arazoak sortu dituzte trenbideetan eta aireportuetan.
Frantziako ipar-mendebaldea ia geldiarazi du gaur elurteak. 29 departamentu alertan daude eta errepide asko itxita dira. Aireportuetan eta trenbideetan atzerapen garrantzitsuak izan dira. Etxebizitza ugari argindarrik gabe geratu dira, agintarien arabera.
Horrela, 500 hegaldi inguru bertan behera geratu dira gaur, Parisen. Beauvaiseko eta Pariseko aireportuak itxi behar izan dituzte elurtearen eraginez.
Hegaldiak bertan behera, Bilbon
Bilboko aireportuak hegaldien irteerak eta lur hartzeak bertan behera utzi behar izan ditu Europa iparraldeko herrialdeetan denboraleak eragiten ari den arazoak direla-eta, AENAko iturriek jakitera eman dutenez
Paris, Brusela, Frankfurt eta Dusseldorf lotzeko 10 hegaldi bertan behera geratu dira, iturrien arabera.