Gizartea -
Atxiloketak droga
Anfetaminak egiteko laborategi bat desegin dute Castro Urdialesen
Espainiako Poliziak anfetaminak egiteko laborategi bat desegin eta sei pertsona atxilotu ditu Bizkaian eta Kantabrian.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak anfetaminak egiteko laborategi bat desegin du Castro Urdialesen (Kantabria), eta sei pertsona atxilotu ditu Bizkaian eta Kantabrian. Horrekin batera, bost etxebizitza eta trasteleku miatu dituzte
Iturri polizialek jakinarazi dutenez, agenteek 31 kilogramo anfetamina sulfato eta substantzia kimiko ugari konfiskatu dituzte.
Poliziaren esanetan, atxilotuek Europako iparraldetik inportatzen zituzten drogak egiteko behar zituzten lehengaiak.
Ikerketa Castro Urdialesen eta Erandion (Bizkaia) bizi diren bi pertsonaren inguruko informazioen harira hasi zen, eta, datuen arabera, pertsona horiek gai sorgorgarriak gordetzen zituzten Bilboko hainbat zonaldetan, ondoren banatzeko.
Lehenengo ikerketen ondorioz, Castro Urdialeseko urbanizazio bateko etxebizitza bat miatu dute. Hala, laborategi bat aurkitu, estupefazienteak eta gai sorgorgarriak konfiskatu eta anfetaminak egiten omen zituzten sei pertsona atxilotu dituzte.
Talde horren buruetako bat Loiuko aireportuan (Bizkaia) atxilotu zuten Düsseldorfetik (Alemania) zetorrela.
Poliziak nabarmendu duenez, horren etxean drogak egiteko laborategi konplexu bat aurkitu dute, eta 28 kilogramo anfetamina, 63 litro metanol, 1 kilogramo manitol, 52 kilogramo kafeina, eta analizatzeke dagoen gai baten 43,2 kilogramo konfiskatu dituzte.
Horrekin batera, 520 gramo MDMA hauts, 25,5 gramo MDMA kristal, 6 litro azido sulfuriko, 5,2 kilogramo olio itxurako likido bat, 74.095 euro eta anfetamina egiteko beharrezkoak diren instrumentuak aurkitu dituzte.
Gainera, miatutako bi trastelekutan 3 kilogramo anfetamina aurkitu dituzte, salmentan jartzeko prest.