Gizartea -

Laudion

Emakume bat epaituko dute gezurra esan eta auzokidea salatzeagatik

Aurreko bistan, akusatua absolbitu egin zuten auzokidea ustez eskaileretatik behera bota zuen egunean lanean zegoela frogatu baitzuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laudioko emakume bat epaitu egingo dute aste honetan Gasteizen, auzokidearen kontrako salaketa jarri zuenean gezurra esateagatik. Biak bizi diren eraikineko eskaileretan behera botatzea egotzi zion.

Fiskalaren kalifikazioaren arabera, 48 urteko emakumeak salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean 2011ko otsailaren 16an. Horren arabera, zortzi egun lehenago, etxeko eskaileretan behera zihoala, auzokide horrekin gurutzatu zen, hura eskaileretan gora zihoala, eta horrek bizkarrean kolpea eman eta oreka galarazi zion. Hori dela eta, betiere ustezko biktimaren esanetan, lurrera erori zen, eta kolpea hartu zuen bekokian baranda jota eta belaunetan eskailerak jota. Kolpe horien eraginez, urradurak eta hematomak egin zituen belaunetan eta hanketan, emakumearen hitzetan

Salaketa horren ondorioz, falta epaiketa egin zuten berehala, 2011ko otsailaren 23an, Amurrion, Instrukziozko 1. Epaitegian.

Hala ere, bista horretan, akusatuak frogatu egin zuen, dokumentazioa eta lekukoen frogak baliatuz, auzokidea ustez eskaileretatik behera bota zuen egunean lanean zegoela. Horren aurrean, akusatua absolbitzeko epaia eman zuten, eta gerora epaia irmotzat jo zuten.

Handik gutxira, 2011ko apirilaren 20an, absolbitutako gizonak auzokidearen kontrako salaketa jarri zuen akusazio eta salaketa faltsuen ustezko delituak egotzita.  Salaketa izapidetzeko onartu zuten, eta epaiketa aste honetan izango da, Gasteizen, Zigor Arloko 1. Epaitegian

Fiskaltzak ere akusazioa aurkeztu du, emakumeak auzokidearen kontrako salaketa jarri zuenean "egia apropos mespretxatuz" egin zuela iritzita, eta 1.440 euroko isuna ordaintzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea