Gizartea -
EAEko Justizia Auzitegia
Dibortziatutako emakume batek alarguntza-pentsioa jasoko du
Auzitegi Nagusiak alarguntza-pentsioa jasotzeko eskubidea onartu dio, senar ohia hil zenetik atzeraeraginezko izaerarekin gainera.
Erredakzioa
Dibortziatutako emakume batek alarguntza-pentsioa jasotzea ebatzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta era horretan, Gizarte Segurantzak pentsioa eman beharko dio.
Gasteizko epaitegi batek ukatu egin zion hasieran, baina emakumeak helegitea jarri zuen eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du.
Halaber, senar ohia hil zenetik atzeraeraginezko izaerarekin pentsioa jasotzeko eskubidea onartu dio Auzitegiak.
Bikotea 1982an ezkondu zen, eta handik 29 urtera dibortzioa sinatu zuten.
Urtebete geroago, bi aldeek hilean 1.100 euroko konpentsazio-pentsioa adostu zuten, bi aldeen artean zegoen "desoreka ekonomikoa kontuan hartuta".
Gizonezkoa 2011. urteko azaroaren 22an hil zen eta emakumeak alarguntza-pentsioa eskatu zuen orduan; izan ere, dibortziatuta egon arren, gizonezkoa hil arte, euren seme-alabekin batera bizitzen egon zela argudiatu zuen.
Lehen epaiak eskaera baztertu zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, "ebazpena zorrotzegia" izan zen eta emakumea senar ohiarekin bizi zela ondorioztatu da eta gizonezkoaren diru-sarrerak familiak jasotzen zuen diru bakarra zela gaineratu du.
"Emakumeak konpentsazio-pentsioa jasotzen zuen eta senar ohia hildakoan, familiaren diru-sarrera bakarra desagertu egin zen", epaiaren arabera.
Hori dela eta, alarguntza-pentsioa jasotzeko eskubidea onartu dio Auzitegiak eta senar ohia hil zenetik, atzeraeraginezko izaerarekin jasoko du gainera.