Gizartea -
Caritasen txostena
Aberatsen eta txiroen arteko aldea geroz eta handiagoa da Espainian
2006tik hona txiroenen diru-sarrerek % 5 egin dute behera urtero, eta aberatsenek, berriz, urtez urte diru gehiago irabazi dute.
Erredakzioa
Espainiako aberatsen eta txiroen diru-sarreren arteko aldea geroz eta handiagoa da krisi ekonomikoaren eraginez, eta 2006tik hona % 30 hazi da tarte hori, Caritasek egindako azken txostenaren arabera.
2006tik hona txiroenen diru-sarrerek % 5 egin dute behera urtero, eta aberatsenek, berriz, urtez urte diru gehiago irabazi dute. Halaber, aberatsenek izan dute soldata igoerarik handiena.
Aberatsenek txiroek baino zazpi aldiz gehiago irabazten dute Espainian, eta hori da Europar Batasuneko desberdintasun adierazle altuena duen herrialdea. Horregatik, gizartean zatiketa gertatzeko arriskua dagoela salatu du Caritasek.
Gizartearen pobretzea
Espainiarren laurdena baino zerbait gehiago (% 26,8) pobrezian bizi dira edota gizarte-bazterketa pairatzen dute.
Pobrezia larrian bizi direnen kopurua hazi egin da 2007tik 2012ra bitartean. Hala, 2007an 300.000 familia inguru bizi ziren diru-sarrerik gabe, eta bost urtean bikoiztu egin da kopurua. Halaber, familien ia erdiek (% 44,5) ez dute aurreikusi gabeko gastuei aurre egiteko gaitasunik.
Bestalde, espainiar bakoitzeko errenta ere ikertu dute, eta datuak duela hamar urtekoen parekoak dira.