Gizartea -
Nafarroako Parlamentua
23.200 sinadura, ospitaleetako sukalde zerbitzua aldatzearen alde
Mediterranea Catering enpresari lizentzia kentzea eskatzen du herri ekimen honek, eta Nafarroako Gobernuak janari zerbitzu publikoa berreskuratzea.
Erredakzioa
Herritar batek 23.200 sinadura erregistratu ditu Nafarroako Parlamentuan, ospitale publikoetako janari zerbitzua aldatzea eskatzeko. Orain, Mediterranea Cateringek prestatzen du erietxeetako janaria, eta herri ekimenak enpresa horri lizentzia kentzeko eskatu du. Herritar horiek lehengo zerbitzua berreskuratzeko eskatu diote Gobernuari.
Jesus Lostao da ekimenaren sustatzailea, eta, kazetarien aurrean esan duenez, ospitalean senitarteko bat bisitatu ostean hartu zuen sinadurak biltzeko erabakia. Horren ustez, ospitale publikoetako janari zerbitzuan aldaketak egin direnetik "astakeria" asko egin dira. Urtarrilera arte, ospitaleko langile publikoek prestatzen zuten janaria, eta geroztik Mediterranea Catering enpresak du ardura hori.
"Aldaketa hori zuzen-zuzenean bizi izan dut, nire senitarteko bat ospitaleratuta egon den denboran", gaineratu du. Lehenengo egunak pasatuta zerbitzua hobetuko zela espero omen zuten, baina "ez da hobetu, eta lehengo zerbitzua baino kaskarragoa da".
Esperientzia hori bizi ondoren erabaki omen zuen ekimen horrekin hastea. 20 egunean 23.200 sinadura bildu baditu ere inork jaramonik egin ez izana salatu du: "Gobernua itsututa dago, eta zerbitzuari eutsi nahi dio, baina herritarrok egoera aldatzea eskatzen dugu".
Internet bidez bildutako sinadurek ez dute legezko baliorik, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak ez dago behartuta. Hala ere, erantzunik jasotzen ez badu kalean sinadura bilketa egiteko prest agertu da.