Gizartea -
Epaiketa Bilbon
Diego, EiTBko gerente ohia: 'Faltsua da dirua bidegabe erabili dudala'
EiTBko gerente ohiari Vilaumedia enpresaren bitartez fondo publikoak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietario bat egitea leporatuta salatu zuen LAB sindikatuak.
Erredakzioa
Juan Diego EiTBren gerente ohiak Bilboko Inztrukzioko 1.go Epaitegian esan duenez, LABek bere kontra fondo publikoak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietario bat egitea leporatuta jarritako salaketa "faltsua da, hasieratik bukaeraraino". Gainera, Diegoren hitzetan, sindikatua bera iduria erabiltzen ari da "euskal erakunde publikoaren kudeaketa garbia zikintzeko asmoz".
LABek epaitegietan salatu zuenaren arabera, "diru publikoarekin sortutako enpresa sare bat" egin zuen eta antza, Vilaumedia horietako enpresa baten bidez egin zuen ustez delitu sozietarioa eta diru publikoen bidegabekeria. Garai hartan Andoni Ortuzar EAJren EBBen oraingo presidentea zen EiTBko zuzendari.
Sindikatuak azpimarratu zuenez, enpresa horrek eskatutako eta ordaindu ez zuen 700.000 euroko kreditu baten ondorioz EiTBk, abal-emailea zenez, zorra bere kargu hartu behar izan zuen, eta horrek eragina izan du EiTBren programazioan eta langileen kontratuetan.
Ohar baten bidez, EiTBren gerente ohiak zehaztu duenez, salaketa onartu izanak "bakarrik esan nahi du epaileari delitu diren gertakari batzuk, egia izatekotan, helarazi zaizkiola".
"Beste gauza bat da egia izatea", adierazi du, "epaitegiek argituko dute nire kontra egindako akusazioek ez dutela inolako oinarririk".
Juan Diegoren esanetan, EiTBren izenean jardun dela beti, "haren helburuen eta nire karguaren arabera". Halaber, ziurtatu egin du "inoiz ez" duela parte hartu enpresa batean eta ez du horregatik dirurik jaso". "EITBnet enpresako aholkulari izanda nituen erantzukizunak bete nituen, euskal erakundea ordezkatuz, eta horregatik euro bat ere ez jasota".
"Kargu bateraezinak"
LABen zenbait ordezkarik 11:15ean elkarretaratze bat egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean eta, bertan, Jon Otegi sindikatuak EiTBn duen kide batek "Andoni Ortuzarren garaian, Juan Diego buru zela," egindako "kudeaketa iluna" salatu du; Otegiren arabera, Diego gerentea zen garai hartan eta, gainera, Vilau EiTBk kontratatzen zuen enpresa bateko administratzailea ere zen.