Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute emaztea eta semea erretzen saiatzea egotzita
34 urteko gizonezkoak emaztea eta 5 urteko semea etxean giltzapetu ditu eta, ondoren, etxeari sua eman dio. Emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatu diote.
Erredakzioa
Poliziak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du Valentzian, 30 urteko emaztea eta 5 urteko semea etxearen barnean erretzen saiatzeagatik. Kea arnasteagatik medikuek semea artatu behar izan dute, baina onik dago.
Valentziako Poliziak jakinarazi duenez, gizonezkoa argentinarra da, eta kea ere arnastu duenez, ospitaleratuta baina atxilotuta dago.
Etxean giltzapetuta
Gertaera 08:30ak aldera jazo da, Jose Andre Alabarta kaleko 48. zenbakiko etxebizitzan. Auzokideek salatu dutenez, emakumezko batek oihuak bota ditu, laguntza eske. Polizia bertaratzean, kea ikusi du etxetik irteten.
Bertara sartzean, emakumezko bat eta 5 urteko haur bat bi logeletan giltzapetuta aurkitu ditu. Suhiltzaileek sua itzali dute, eta emakumezkoa La Fe Ospitalera eraman eta Erredura Unitatean ospitaleratu dute.
Semea eta gizonezkoa ere ospitalera eraman dituzte, azken hura atxilotu gisa, izan ere, emakumeen aurkako indarkeria delitua egotzi diote.