Gizartea -
Meteorologiaren Eguna
Euskalmeten euskal Sare Ozeano-Meteorologikoa, Europako onenen artean
2001. urtean martxan jarri zutenetik, 14 galerna erregistratu dituzte eta 10 metrotik gorako altuerako olatuak zituzten hiru denborale.
Erredakzioa
Jose Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren Euskal Sare Ozeano-Meteorologikoak burutu duen lana goraipatu du Meteorologiaren Nazioarteko Egunean. Ildo horretan, aurtengo leloarekin, "Eguraldia zaintzea bizitzak eta pertsonak babesteko" bat egiten duela azpimarratu du.
Pasaiako (Gipuzkoa) AZTI-Tecnaliaren egoitzan Meteorologiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egindako ekitaldian, Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariarekin eta Adolfo Uriarte AZTI-Tecnaliako Itsas Ikerketa Unitateko zuzendariarekin batera egon da sailburuordea.
Bertan, orain 10 urte sortu zen Euskalmeten euskal Sare Ozeano-Meteorologikoaren lana goraipatu du eta "Europako garrantzitsuenetakoa" dela azpimarratu du.
Sailburuaren arabera, "eguraldia zaintzea bizitzak eta pertsonak babesteko" leloarekin bat egiten duen "toki bakarrenetakoa" da, emergentzien eta meteorologiaren arteko elkarlanarengatik,.
Galernak eta denboraleak
Aztertutako galernen artean azpimarratzekoa da 2002ko martxoaren 13an izandakoa, orduko 116 km-ko haize-boladak egon baitziren; eta, bestetik, 2010eko irailaren 7koa, orduko 98 km arteko haizeak izan zituena.
Olatuak izandako gertaerarik garrantzitsuenei dagokienez, 2007an, 2008an eta 2009an kopururik eta intentsitaterik handieneko fenomenoak erregistratu ziren. Ziklo horretan kostaldean 10 metrotik gorako altuerako olatuak zituzten hiru denborale erregistratu ziren (Pasaiako estazioa); horrez gain, 7 eta 10 metro arteko altuerako olatuak zituzten 25 denborale. Olaturik txikienak, ordea, 2002an eta 2004an egon ziren.