Gizartea -
Bi atxilotu EAEn
21 lagun atxilotu dituzte haur-pornografiaren aurkako hiru operaziotan
Bi lagun atxilotu dituzte EAEn; Mundakan eta Donostian. 19 probintziatan egin dituzte ikerketak, horien artean, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Erredakzioa
Bi lagun atxilotu dituzte EAEn, bata Bizkaian eta bestea Gipuzkoan, interneteko haur pornografiaren aurka Guardia Zibilak egindako hiru operaziotan.
EAEn atxilotutakoak Mundakako eta Donostiako bizilagunak dira. P2P sareen bidez material pornografikoa partekatzen zuten.
Guztira, 21 lagun atxilotu eta beste 11 inputatu dituzte Espainan, "Bajo Par", "Habbo" eta "Kidrock" izeneko operazioetan. 19 probintziatan egin dituzte ikerketak, horien artean, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Guardia Zibilak artxibo informatiko ugari eta besteak beste, ordenagailuak, disko gogorrak eta bideo kamerak atzeman ditu.
Mundakako bizilaguna "Bajo Par" operazioaren barne atxilotu dute. Bertan, 14 lagun atxilotu dituzte 15 probintzia ezberdinetan.
Bestalde, ustezko pederasta gipuzkoarra "Habbo" operazioaren barne atxilotu dute. Azken hau, Donostiako bizilaguna da, eta Vasco Press agentziaren iturrien arabera, "artxibo ugari" zituen.
Gipuzkoako Guardia Zibilak zuzendutako operazioa izan da.
Azkenik, "Kidrock" operazioa Bartzelonan, Kantabrian eta Murtzian egin dute eta hiru ustezko pederasta atxilotu dituzte hainbat herritarren salaketei esker.